Bizkaiko Gurutze Gorriaren 150. urteurrena ospatu dute Bermeon
18:00ak bitartean, jarduera ugariz gozatzeko aukera dute bermeotarrek Lameran; izan ere, Gurutze Gorriaren lantaldea ezagutzeko aukera dago bertan, baita egiten duten lanaren berri izateko ere. Umeek puzgarriez gozatzeko aukera bikaina dute.
Bizkaiko Gurutze Gorriaren 150. urteurrena ospatzeko eguna da gaur Bermeon. Goizetik hasita, eta 18:00ak bitartean, jarduera ugariz gozatzeko aukera dute bermeotarrek Lameran; izan ere, Gurutze Gorriaren lantaldea ezagutzeko aukera dago bertan, baita egiten duten lanaren berri izateko ere. Eguerdian jendetza batu da Artza frontoiaren aurrean jarri duten erakusketan, eta umeek puzgarriez gozatzeko aukera bikaina ere izan dute.
Gainera, pintxo eta edari solidarioak eskaintzen ari dira egun guztian, handik lortzen duten dirua AmaTea elkarteari emateko.
Bizkaiko Gurutze Gorriko presidente Josu Peronek adierazi du euren lanari ikusgarritasuna emateko eguna dela gaurkoa. “Jendeak gure lana ikusteko, hobeto ezagutzeko eta boluntarioak lortzeko eguna da”, adierazi du, eta boluntarioek egiten duten lana azpimarratu du, “eurek barik ezingo luketelako egiten duten guztia egin”.
Larrialdiez gain, asko dira gurutze Gorriak lantzen dituen arloak, “ez larrialdiak bezain ezagunak, baina oso garrantzitsuak direnak”. Peronek dioenez, “ezinbestekoak” diren hainbat jarduera egiten dituzten egunez egun: adinekoei laguntzea, immigrazioa, familia zaurgarriei laguntzea, ingurumenaren alde egitea... “Gurutze Gorriko proiektu gehienen berri izaten dugu horien erabiltzaile bihurtzen garenean”, onartu du.
Hala, gaurko jardunaldian arlo horiek eta horien barnean garatzen dituzten proiektuak ezagutarazteko eguna dela dio: arlo soziala ikusaraztekoa, gazteriari bideratutakoaren berri ematekoa, edota baita boluntarioen lana eta bazkideen beharra ezagutzekoa ere. “Gaurko moduko egunek aukera ematen digute gure lana ulertarazteko eta Gurutze Gorriak egunerokoan egiten dituen jarduerak ezagutzeko”.
Hala, jardunaldiaren “balorazio positiboa” egin du: “Apurka-apurka hasi da jendea gerturatzen, eta egunak aurrera egin ahala gehiago etorri dira”.
20.000 pertsonari zerbitzua, Bizkaian. Gurutze Gorriak 13 batzar ditu gaur egun Bizkaia osoan banatuta: Bermeo, Busturialdea, Uribe Kosta, Eskuinaldea, Ezkerraldea, Mungialdea, Bilbo, Barakaldo, Enkarterri, Nerbioi Harana, Arratia, Durangaldea eta Lea Artibai. Horiei esker, urtean, 20.000 pertsona baino gehiago artatzen dituzte zuzenean Bizkaian, 1.600 boluntarioren eta 24.600 bazkide baino gehiagoren lanari esker.
Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibileko euskal sistemaren parte den erakundeak urtean 2.300 egoera kritikotan baino gehiagotan parte hartzen du Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Iaz, esaterako, 1.181 pertsona artatu zituzten larrialdi egoeran, horietako 913 Bizkaian.
Gurutze Gorria erakunde “humanitarioa, garaikidea, independentea eta tokian bertan baina ikuspegi globalagaz” jarduten duena dela adierazi du Peronek. Gainera, “beti” helburu bakar baten menpe lan egiten dutela dio: pertsonei laguntzea helburu hartuta.
1873ko apirilaren 12an sortu zen era ofizialean Gurutze Gorria Bilbon, eta horrek bere jarduera Bizkaia osora zabaltzea ahalbidetu zuen. Orduz geroztik, 150 urte daramatza erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean, “duintasuna eta gizatasuna” Bizkaiko txoko guztietara zabalduz.
Gogoratu dutenez, 150 urtetan, Bizkaiko Gurutze Gorriak hainbat zerbitzu eskaini ditu, eta hainbat gertaeretan parte hartu du: karlistaldia, ‘La dinamita’ fabrikaren leherketa, itsas salbamenduaren edo mendiko erreskate unitateen hasiera, uholdeak, Oiz mendiko hegazkin istripua edo Bermeoko sutea, besteak beste. Hala ere, erronka globalei aurre egiteko lan egin dutela ere adierazi dute: migrazio mugimenduei aurre egiteko, genero arrakalagaz amaitzeko, pandemia gainditzeko, klima aldaketa gelditzeko edota bakardadeari eta pobrezia energetikoari aurre egiteko.