Gernika SD, play-offen lehiari eutsi guran
Ligako jardunaldi bi geratzen zaizkio Gernika-Lumoko taldeari. Domekan [maiatzak 7] Urbietan jokatuko dute, 12:00etan, San Juanen kontra.
Gernika SD futbol taldea RFEF 2. Mailako play-offen lehian bete-betean sartuta dago. Liga amaitzeko jardunaldi biren faltan, Gernika-Lumoko taldea taulako bosgarren postuan dago. Domekan [maiatzak 7], 12:00etan hasita, azken aurreko partidua jokatuko dute San Juanen kontra. Urbietan eta etxeko jarraitzaileen aurrean jokatuko duten azken liga partidua izango da domekakoa.
Koldo Berasaluze taldeko kapitain gernika-lumotarra “konfiantzaz gainezka” ageri da etxeko azken norgehiagokaren ataritan: “Denboraldia, gaur-gaurkoz, oso ona izaten ari dela esan dezakegu. Azken hilabetean hiru porrot jasan genituen erreskadan, eta taldearen moralak, zelanbait, behera egin zuen. Edozelan ere, joan den astean 0-0 berdindu genuen ligako bigarren sailkatua den Alaves Bren aurka, eta berdinketa hura emaitza on legez hartu genuen, joko ona erakutsi genuen eta. Orain garaipena lortzeko prest gaudela sumatzen dugu berriro”.
Domekako partiduari dagokionez, “gogorra eta lehiatua” izatea aurreikusten du Berasaluzek. “San Juan beheko postuetan kokatuta dago, baina irabazi egin behar du, jokoan duelako hurrengo denboraldiko Errege Kopan. Beraz, bere larrua ez du merke salduko. Guk, geure aldetik, play-offetako postuari eutsi gura diogu. Horrenbestez, talde biok jomuga bakarra edukiko dugu: irabaztea“.
Koldo Berasaluze: “Partidu serioa eta antolatua egin beharko dugu; horretarako, defentsa lerro zurruna antolatu beharko dugu”
Defentsa “giltzarri” izango dela iragarri du kapitainak. “Partidu serioa eta antolatua egin beharko dugu; horretarako, iragan asteburuan egin genuen legez, defentsa lerro zurruna antolatu beharko dugu. Erasoaldietan, ostera, adi ibili beharko gara, ditugun aukerak zukutzeko”. San Juanen aldetik, berriz, zelaiaren atzealdean “gotortuta egotea” espero dute gernika-lumotarrek: “Guk balioa galtzen dugunean kontraerasora jotzen saiatuko gara”. Lantaldeaz galdetuta, Urtzi Iriondoren hutsunea baino ez dute edukiko Urbietan, epe luzeko lesio batean murgilduta baitago.
Play-off postuetan sailkatuz gero, liga igoeragaz amestuko lukete Gernika SDkoek: “Ondo dakigu helburu gaitza dela, baina baita egingarria ere. Joan-etorriko partidu bi izango dira play-offak, eta ez da espekulatzerik egongo; dena eman beharko dugu. Nolanahi ere, helburua lehenengo postua ziurtatzea izango da”. Jomuga horren bilaketan, etxekoaz gain, beste partidu bat ere jokatu beharko dute; maiatzaren 14an izango da, etxetik kanpo, Mutilveraren kontra.
Bazkide bakoitzak sarrera bat jasoko du laguntzaile bat domekako partidua ikustera gonbidatu ahal izateko
Ikusleen babesaz. Urbietako zaleen berotasuna “guztiz beharrezkoa” izango dute jokalariek. Hori dela eta, klubak bazkide bakoitzari sarrera bat oparituko dio, laguntzaile bat gonbidatzeko. Horrez gain, Txiki Eguna ere egingo dute domekan: Gernika SDk udalerriko hezkuntza zentroetan 200 sarrera banatu ditu, gaztetxoenen gurasoak ere Urbietara joatera anima daitezen, familia giroan. Umeek doako sarrera edukiko dute; guraso bakarragaz joanez gero, gonbidapen horregaz, hark ere dohainik sartu ahalko luke; bigaz edo gehiagogaz joanda, ostera, bakoitzaren sarrera merkeagoa litzateke (5 euro).