Ajangizko esku pilota txapelketak hasiera "bikaina" eduki du
Nagusien artean, Oliden eta Rekalde ordezkatu duen Amiano bikotea 22-21 nagusitu da Zubizarreta eta Esnaolaren kontra.
Domekan [apirilak 30] ipini zuten abian Ajangizko IX. esku pilota txapelketa. Benjamin, alebin, ume eta nagusi mailetako partiduak lehiatu zituzten udal pilotalekuan, harmailak bete zituzten ikusleen aurrean, eta antolatzaileek lehendabiziko jardunaldiaren “irakurketa bikaina” egin dute: “Kategoria guztietan itzelezko giroa egon zen; horregaz batera, nagusien ona azpimarratu behar da”.
Lehenengo partiduetan gaztetxoenak aritu ziren nor baino nor gehiago. Gainera, zenbaitetan neskak eta mutilak batera jokatu zuten, eta hori “oso aberasgarria” dela argitu dute. “Euskal Herri osoko umeak bertaratu ziren frontoira, eta hori bada zerbait Ajangizkoa moduko lehiaketa batentzat. Umeen partiduetako helburu nagusiak ondo pasatzea eta formazioa dira; zentzu horretan, pozarren egon gaitezke txapelketa hasieragaz”.
Nagusi mailako norgehiagokan, azken orduko aldaketa bat egon zen: Zubizarretaren eta Bernaolaren kontrako partiduan Rekalde Olidenen bikotekidea izatea zegoen aurreikusita. Baina azkenean ezin izan zuen jokatu, eta Amiano irundarrak ordezkatu zuen Rekalde. Ikusle denen ezustekorako, ordezkapena egin zuen pilotariak “egundoko erakustaldia” eman zuen: “Rekalde bizkaitarra ikusteko irrikaz geunden guztiok, baina Amianok luzaroan gogoratzeko moduko partidua jokatu zuen”. Borroka estuaren ondoren, Amianok eta Olidenek osatutako bikote gorria suertatu zen garaile, 22-21eko markagailuagaz. Amianoz gain, Zubizarretaren jokoak ere arreta deitu zuen: “Kantxan mugitzeko duen moduak eta teknikak zur eta lur utzi zituen ikusleak”.
Domekan berrekingo ekingo diote txapelketako bigarren jardunaldiari, 11:00etan
Domekan [maiatzak 7] ekingo diote txapelketako bigarren jardunaldiari, 11:00etan. Gaztetxoenen partiduen ondoren, nagusien txanda izango da: Igoak eta Apezetxeak Okamika gizaburuagarraren eta Lizeagaren aurka neurtuko dituzte indarrak. “Maila handiko partidua” aurreikusten dute antolatzaileek, hautagai nagusirik gabekoa. “Okamikak eta Lizeagak badakite zer den Ajangizen jokatzea, txapelketa ezagutzen dute, eta maila ona ematea espero dugu”.
“Bikotekako Txapelketako finala jokatutako lau pilotarietako bi, Imaz eta Elordi, Ajangizen irabazitakoak dira”
Goi mailako pilotarien tranpolina. Ajangizko txapelketatik igaro dira egun profesionalen artean dauden pilotari puntakoenetako zenbait. “Apirilaren 2an lehiatutako Bikotekako Txapelketako finala jokatutako lau pilotarietako bi (Imaz eta Elordi) Ajangizen irabazitakoak dira. Imaz 2014an nagusitu zen; Elordi, ostera, 2015ean. Horiez gain, egun profesional legez dabiltzan Bikuña, Larrazabal edota Garmendia ere Ajangiztik pasatu dira”.