25. San Isidro Sari Nagusiak goi mailako partaidetza edukiko du
Euskaldun Txapelketako lasterketa domekan [maiatzak 7] egingo da, eta 119 kilometroko ibilbide gogorra edukiko du. Gaur gaurkoz, 194 parte hartzailek izena eman dute.
Domekan [maiatzak 7] San Isidro Sari Nagusia txirrindulari lasterketaren 27. ekitaldia lehiatuko dute Natxituan. 09:30ean hasiko dira ziklistak pedalak astintzen; lasterketa Natxituko plazan hasi eta amaituko da. Urtero legez, eskualdeko lasterketak gogortasun eta gorabehera handiko ibilbidea edukiko du, eta txirrindulariek ez dute ogibide errazik edukiko: 119 kilometro egin beharko dituzte. Euskaldun Txapelketarako proba puntuagarria izanda, Euskal Herriko talderik sendoenak irteera lerroan egongo dira. Momentuz, 194 lagunek izena eman dute; 200eko muga edukiko du tropelak.
Natxitutik Muruetaganera joanda, Laida eta Laga hondartzetatik igaroko dira txirrindulariak; jarraian Natxitua Ea, Ispaster eta Ereñogaz lotzen duen zirkuituari hiru itzuli eman beharko dizkiote parte hartzaileek. Azken zatian, Bedaronako mendatea igo beharko dute, Eatik; Natxituko helmugara, ostera, Angelutxuko malda gainditu ondoren helduko dira. Joan den astean Lazkaoko proban gailendu ostean, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko Iker Mintegi dago lehiaketako lidertzan. Caja Rural-Aleako Julen Arriolabengoa hurre dauka sailkapenean: lehenengoak 83 puntu poltsikoratu ditu torneoko lehen hilabete bietan; bigarrenak, aldiz, 75 puntu. Behin-behineko hirugarren postuan Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko beste txirrindulari bat dago: Unai Zubeldia, 52 puntugaz.
Palmares distiratsua. 2003an estreinakoz lehiatu zenez geroztik, San Isidro Sari Nagusian gerora izen handia eduki duten ziklistak nagusitu izan dira. Besteren artean, egun goi mailan dauden txirrindulariek irabazi dute Natxituan: Pello Bilbao, Julen Amezketa, Angel Madrazo eta Oier Lazkano. Aurten, gainera, gazte mailako Euskadiko Selekzioko kideek afizionatuen artean lehiatzeko aukera edukiko dute; lasterketa hori ekainean Cartagenan (Murtzia, Espainia) egingo den Espainiako Txapelketara prestatzeko baliatuko dute juniorrek.