Olatz Arrizabalagak garaipenez hasi du III. NFK Torneoa
Irati Zabalagaz batera, 22-16 irabazi diete Madalen Etxegarairi eta Andrea Capellani.
Joan den domekan [apirilak 30] Nafarroako Foru Komunitatea Torneoaren III. ekitaldia hasi zen, eta lehen jardunaldian jokatu zuen Olatz Arrizabalaga aurrelari gernika-lumotarrak. Irati Zabala eduki zuen bikotekide, eta Madalen Etxegarairen eta Andrea Capellanen aurka 22-16 irabazi zuten, Lodosako pilotalekuan.
Partidu “gogorra eta polita” izan zela adierazi du Arrizabalagak. Etxegaraik eta Capellanek “oso estu” hartu zituztela azaldu du, eta partidu erditik aurrera sentsazio hobeak eduki zituela: “Zabala ez da atzelari dominatzailea, baina pilotakadak eroateko gai da, hau da, eusteko. Partidu erditik aurrera gehiago sartu nintzen jokoan, eta tantoak egiteko aukera gehiago eduki nuen, batez ere, ezkerragaz”.
Gernika-lumotarrak azaldu du txapelketa horrek “prestakuntza usaina” duela beretzat: “Urrats bi atzera egin, airez sartu, eta atzelariari hoberen zelan lagundu ikasten ari naiz, eta txapelketa hau, denboraldiko helburu handiez gain, horretarako erabiliko dut”. Apirilaren 14an jokatuko dute Arrizabalagak eta Zabalak NFK Torneoko hurrengo norgehiagoka, Lekunberrin. Nora Mendizabal eta Goiuri Zabaleta edukiko dituzte aurkari.