Aldarrikapenez beteko da Bizkargi asteburuan
Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira gazteak zapatuan, eta, urtero legez, egun osoko egitaraua prestatu du Bizkargi Gogoratuz Elkarteak domekarako.
Bizkargi Eguna da gaur, eta, ohi modura, aldarrikapenez beteko da Bizkargi tontorra Bizkargi Egunaren osteko asteburuan.
Ernaik zapaturako hitzordua jarri du, 36ko gerran bertan hildako gudariak omentzeko, eta, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak domekarako hitzordua jarri du. Izan ere, beste urte batez, Larrabetzuko, Muxikako, Morgako eta Zornotzako lurretan dagoen mendira igoko dira herritarrak domekan; Errigoitiko Ekimen Taldekoak 09:30ean irtengo dira Uriatik, eta Gerekiz zeharkatuta ailegatuko dira Bizkargira, gero, Morgara jaisteko.
1937ko maiatzaren 9tik 17ra arteko bataila hartan izan ziren Amaiur, Larrañaga, Amuategi edota Euzko Indarra batailoietako gudariak, eta horiek omenduko dituzte asteburuan. Han zegoen Espainiako bandera kendu eta haren ordez ikurriña jarri zuten, horren ondorioz haietako asko hil baziren ere.
Hori dela eta, bertan izandako bataila oroitu eta bertan borrokan aritu ziren euskal gudariak omentzeko asmoz, egun osoko egitaraua prestatu du Bizkargi Gogoratuz Elkarteak. 11:00etan hasita, Soinu Txikie taldeak girotuko ditu ermitaren inguruak, eta 12:30ean izango da ekitaldia. Omenaldia egingo diote Patxi Jaka Bikandi gudariari, eta adarra, txalaparta eta alboka joko dituzte haren omenez. Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldeak parte hartuko du ekitaldian, eta Etxanoko Nagusiari ongietorria egingo diotela azaldu dute.
Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira gazteak zapatuan
Gero, bertsolariek hartuko dute lekukoa. Onintza Enbeita muxikarrak, Xabier Arriaga Txiplas errigoitiarrak eta Etxahun Lekue larrabetzuarrak botako dituzte bertsoak. Horien ostean, Aiko taldearen erromeria doinuez gozatuko dute bertaratzen direnek, eta 13:30ean, Eneko Larruzearen kantaldia entzungo da mendian.
Arratsalderako, Erdu Muxikeko gazteek elektrotxaranga antolatu dute Gorozikako frontoian, Ostikda taldeagaz; 16:30ean jarri dute bertan biltzeko hitzordua.
Gazteen aldarria, zapatuan. Domekako egunaren bezperan, Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira gazteak: “Gazteok ez ditugu ahazten 1937an bizitakoak. Guda hartako gertakariak herri honen memoriaren parte dira. Memoria antifaxistan berretsiko gara zapatuan”.
Bizkargira joateko hitzorduak zehaztu dituzte gazteek, eta 09:30ean Gernikako tren geltokian geratu dira. 12:00etarako tontorrean egongo dira, eta orduan hasiko da Leire Aginagak eta Ibon Meñikak eskainiko duten Memoria eta Antifaxismoa hitzaldia. Ostean egingo dute ekitaldia eta trikipoteoa, 15:00etan bazkarian batzeko; bakoitzak bere etxetik eroan beharko du jatekoa.
Jan eta gero, Beñat Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga bertsolariek girotuko dute egonaldia. Gero, joko antifaxistak egingo dituztela esan dute. 19:00etatik aurrera, kontzertuek beteko dute tontorra.
EGITARAUAK.
Maiatzak 6. (Ernai).
09:30. Bizkargira joateko gelditu dira tren geltokian.
12:00. Memoria eta antifaxismoa hitzaldia, Leire Aginaga eta Ibon Meñikaren eskutik.
13:00. Ekitaldia.
13:30. Trikipoteoa.
15:00. Bazkaria.
16:00. Bertsolariak: Beñat Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga.
17:30. Joko antifaxistak.
19:00. Larru eta Lagunak
21:00. Pary & Tiza vs Gorriontxu ta Laztana.
Maiatzak 7. (Bizkargi gogoratuz elkartea).
11:00. Soinu Txikie taldeak girotuko ditu ermitaren inguruak.
12:30. Ekitaldia egingo dute Patxi Jaka Bikandi gudaria gogoratzeko. Adarra, txalaparta eta alboka joko dituzte. Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldeak parte hartuko du ekitaldian. Etxanoko Nagusiari ongietorria egin eta txuzoa sartuko dute.
Ondoren. Bertsolariak egongo dira: Etxahun Lekua, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga Txiplas.
12:50. Aiko taldearen erromeria.
13:30. Eneko Larruzearen kontzertua.
16:30. Erdu Muxikeko gazteek elektrotxaranga antolatu dute Gorozikako frontoian.