Jende asko erakarri du Ibarrangeluko Azokak
13:00ak aldera otzararen zozketa egin zuten. Aurten Gorape Tabernako jabe Gaizkak (0975 zenbakia) eroan zuen etxera azokako produktuekin betetako saria.
Eskaintza zabala egon zen domekan [apirilak 30] Ibarrangeluko Azokan, eta jende asko batu zen Eleizalde auzoan. Jendearen joan-etorri etengabea izan zen eguerdi partean, eta ikustera ez ezik erostera ere hurreratu zen jendea.
31 salmahai ipini zituzten. Busturialdeko zein beste hainbat txokotako ekoizleak euren produktu onenak eta freskoenak eroan zituzten, tartean, sasoian sasoikoak. Besteak beste, ondoko herrietako ekoizleak egon ziren: Ibarrangelu, Elantxobe, Kortezubi, Muruetagane, Lekeitio, Bermeo, Errigoiti, Arrieta, Muskiz eta Arrasate.
Talo eta tripaki txosnaren inguruan ere jende asko batu zen. Jendeak eskatu eta eskertu egiten du azoketan taloak eskaintzea, eta horren adibide dira horiek eskuratzeko egon ziren ilarak.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
San Andresko elizpean eta elizaren inguruetan ipintzen duten argazki zaharren erakusketa ere ohikoa izaten da azoka egunean, eta aurten ere, herriko historiaren erakusle diren irudiak ikusteko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Asko izan ziren zuri-beltzeko argazkiak behatzen ibili zirenak, eta batez ere, ibarrangelutarren arreta erakarri zuten.
Bestalde, 13:00ak aldera otzararen zozketa egin zuten. Aurten Gorape Tabernako jabe Gaizkak (0975 zenbakia) eroan zuen etxera azokako produktuekin betetako saria. Izan ere, antolatzaileek postu bakoitzean produktu bat erosita osatzen dute otzara.
Egun osoko egitaraua prestatu zuten domekarako. Arratsaldean, Karretila Kronoeskalada lehiatu zuten: bikoteka, orgak hartu eta Eleizaldeko aldapan gora zeinek arinago egiteko erronka eduki zuten. Iluntzean, berriz, Iratzar erromeriagaz borobildu zuten azoka eguna.