Denetariko ekintzak egingo dituzte maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Egunean
Museoen erroetan arreta jarrita, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Busturialdeko museoek maiatzaren 18an. Denetariko ekintzak egingo dituzte Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Bakearen Museoan, Gautegiz Arteagako Bird Centerren eta Kortezubiko Santimamiñen.
Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna da aurtengo Museoen Nazioarteko Eguneko leloa, eta maiatzaren 18rako denetariko ekintzak egingo dituzte Busturialdeko museoetan. Sarrera doakoa izango da Arrantzaleen Museoan, Euskal Herria Museoan, Bakearen Museoan, Bird Centerren eta Santimamiñen. Azken horretan, gainera, bertan egindako ikerketak eskuragarri jartzeko gida bat aurkeztuko dute egunean bertan, 19:00etan, “haitzuloko ondarearen erabilera jasangarria lortzeko asmoz”. Sarrera doakoa izango da, baina aurretiaz izena eman beharko da 94-465 16 57 telefono zenbakira deituta edo santimamine@bizkaia.eus helbidera idatzita.
Gainera, maiatzaren 18an zein 20an bisita gidatuak eskainiko dituzte Santimamiñeko kobaren atarian –lehen biztanleak bertan bizi izan ziren– eta ibilbide birtualak egingo dituzte barrualdean.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak, berriz, Itsasoak pizten gaitu dokumentala proiektatuko du egun horretann 19:00etan, eta bertan egongo da dokumentalaren zuzendari Gorka Gereka; hitzaldi bat eskainiko du emanaldiaren ostean.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak, bere aldetik, Emakumenak eta dantzak Euskal Herrian (1756-1921) hitzaldia eskainiko du 18:00etan, eta, hilaren 27an, 16:30etatik 22:00etara, erleak oinarri dituen jarduera egingo du, hitzaldien, tailerren eta dastaketen bidez hainbat ikuspuntu landuz: iraunkortasuna, etnografia eta gastronomia. Horretan, familia tailerra doan izango da, baina hitzaldi-dastaketagatik 10 euro ordaindu beharko dira. Izena emateko 94- 625 54 51 deitu edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzi beharko da.
Museoen Nazioarteko Egunaren helburua da museoak kultura trukerako, kultura aberasteko eta herrien arteko elkar ulermena, lankidetza eta bakea garatzeko “bitarteko garrantzitsuak” direla ohartaraztea.
Jardueretan parte hartu gura duten pertsona guztiek aldez aurretik izena eman beharko dute, dagokion museoagaz harremanetan jarrita.