Biziberritutako txokoen arteko poteoa
Hiru urteko geldialdiaren ostean, “herritarrak alkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea” helburu duen Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako bertso triki pintxo poteoa biziberrituta bueltatu da. 90 pertsona batu ziren zapatuan (apirilak 29), udalerriko sei txokotan.
18:00ak aldera hasi zuten erronda. Bi autobusetan egin zuten gehienek, eta beste batzuk euren ibilgailuetan ibili ziren alde batetik bestera. Oizpe (Maume, Ibarruri) txokoa izan zuten arratsaldeko lehenengo geldialdia. Gero, Dringili Drangolon (Ajuria, Ibarruri), Saltsamendin (Ibarruri), Gaukarin (Gorozika) eta Atxelipen (Ariatza, Muxika) elkartu ziren, eta gauerdian, Kolakainen (Elizalde, Muxika) amaitu zuten pintxoen dastaketa.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Aurrekoetan pintxo lehiaketa izaten zen txokoen artean, eta oraingoan halakorik egon ez bada ere, txoko bakoitzak bi pintxo prestatu zituen. Beste urte batez, askotariko proposamenak izan zituzten, herritarrek pintxo tradizionalak zein berrikuntzaz betetakoak probatu zituzten. Osagaiak ere askotarikoak izan ziren: odolosteak, piper gorriak, ortuariak, olagarroa, gazta, gilda, solomoa… Goxo-goxo jan zituzten denak ere.
EinGO! taldeko musikariek eta Lilibertsoko kide Asier Galarza, Koldo Gezuraga, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek lagunduta ibili ziren txokorik txoko.