Arrakastatsua izan da Mendatako I. Ibilgailu Klasikoen Erakusketa
Mendatako I. Ibilgailu Klasikoen Erakusketa egin zuten domekan (apirilak 30), eta balorazio oso ona egin dute antolatzaileek: “Eguna oso ondo irten zen; giro sanoa izan genuen, eta oso pozik ibili ginen. Herriari itxura polita eman genion, eta jendea oso pozik irten zen Mendatatik.Espero baino jende gehiago etorri zen; aparkalekuak beteta egon ziren”.
147 moto eta 30 autotik gora batu zituzten frontoian, eta inguruko udalerrietatik egindako irteeran ere “ibilgailu asko” elkartu ziren. Zortzi sari banatu zituzten, eta “harribitxi asko” ikusteko aukera egon zela azpimarratu dute: “Donostiatik, Bilbotik eta Madrildik ere etorri ziren batzuk. Maila handiko erakusketa izan zen, eta besteren artean, modelo oso esklusiboak egon ziren, adibidez, Espainian dauden bakarrenetako batzuk eta beste bat munduan fabrikatutako 21 motoetako bat izan zen. Moto oso zaharrak egon ziren, adibidez, 1940an egindakoak”.
Aurtengoaren arrakastaren ostean, datorren urtean ere antolatzeko asmoa agertu dute: “Jendeak errepikatzera animatu gaitu, eta gauza gehiago egiten laguntzeko boluntario moduan ere prestatu dira. Antolakuntzan oso jende gutxi ibili ginen; dena guk egin genuen: motorrak ekarri eta eroan, karpak montatu… eta motoak uzten etorri ziren batzuk laguntzen geratu ziren”.