Aldundiak Urdaibairako daukan proiektuaren interes kulturala zalantzan ipini du Elkarrekin Podemosek
Koalizioko kideek esan dute "Bizkaiko Foru Aldundiak inposatu gura duen Guggenheimen proiektuak ez dituela inguruko beharrak kontuan hartzen".
Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Berdeak Equok eta Alianza Verdek osatutako koalizioaren ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean (maiatzak 2), Ibarrangeluko Laidako kanpinaren inguruan. Esan dutenez, “aldundiak Urdaibain egin gura duen Guggenheimen proiektua ez da ekonomikoki eskualdeak behar duena, eta bertan behera utzi beharko lukete”.
Paula Amieva Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusirako Elkarrekin Podemosen hautagaiak azpimarratu du “alternatiba jasangarriak” bilatu behar direla: “Proiektu multzo bat da, eta horien benetako edukiei buruz ez dugu ofizialki ezer ezagutzen. 1988ko Espainiako Kostaldeei buruzko Legeak debekatu egiten du horrelako lekuetan eraikin berriak egitea eta horiek urbanizatzea”.
Amievak adierazi du udalen eta herritarren iritziak jaso beharko liratekeela: “Lehentasunak beste batzuk izan behar dute, adibidez, Urdaibaiko garraio publiko eskasaren arazoari irtenbideak bilatzea eta uraren kudeaketa”.