Lorategietak auzoko jaiak ospatuko ditu
Gernika-Lumon Lorategieta izaten da jaiak ospatzen lehen auzoa. Zapatuan botako dute festen hasierako txupina, eta astelehen iluntzera arte iraungo dute.
Urteko lehen jaiak asteburuan ailegatuko dira Gernika-Lumora. Lorategieta izaten da udalerrian festak ospatzen lehenengoa, eta zapatutik astelehenera bitartean iraungo du aurtengo egitarauak.
Zapatuan, 20:00etan botako dute Lorategietan jaien hasierako txupina, eta ostean, Auzune tabernan elkartuko dira auzotarrak, eurentzako prestatutako pintxoak dastatzeko.
Domeka arratsaldean jai giroak jarraituko du, izan ere, umeentzako egitaraua prestatu dute egun horretarako. 16:30etik 19:30era bitartean, umeentzako jarduerak egingo dituzte, eta txokolatea ere prestatuko dute horientzat. Gaua, berriz, orkestra latindarrak animatuko du, 20:30ean hasi eta 23:30era bitartean; dantza eta animazioa ere egongo dira.
Astelehena izango da egun handia Lorategietan. 10:30etik aurrera, giroa berotzen ariko dira Gazteak Txistulari taldekoak, eta 12:00etan elkartuko dira meza santuan. Gero, Elai Alai dantzari Taldekoen dantzaldian batuko dira auzotarrak, eta kopauaz gozatzeko aukera izango dute, herri bazkarian berriro bildu aurretik; 15:00etan egingo dute bazkari herrikoia.
Eguna borobiltzeko, iazko modura, Dj Pako & Urtza bikotea gonbidatu dute, eta eurak izango dira arratsaldea musikatzeko arduratuko direnak. Auzoari erritmoa emateaz gain, gozotasuna ere eman gura izan diote antolatzaileek, eta, 19:00etan, txorizoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Jan ostean, 20:00etan, jai amaierako txupina botako dutela jakinarazi dute.
Gernika-Lumo. Lorategietako jaiak.
EGITARAUA:
*APIRILAK 29, ZAPATUA:
- 20:00. Jai hasierako txupina, eta auzokoentzat pintxopotea, Auzunen.
*APIRILAK 30, DOMEKA:
- 16:30-19:30. Umeentzako jarduerak.
- 19:00. Umeentzako txokolatada.
- 20:30-23:30. Orkestra latindarra, dantza eta animazioa.
*MAIATZAK 1, ASTELEHENA:
- 10:30. Gazteak Txistulari Taldearen Diana.
- 12:00. Meza santua. Ostean, Elai Alai Dantzari Taldearen saioa eta kopaua.
- 15:00. Herri bazkaria (paella).
- 17:00. DJ Pako & Urtza.
- 19:00. Txorizo sagardotan dastaketa.
- 20:00. Jai amaierako txupina.