Ohorezko Maila garaipenez agurtu guran
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ampo Ordizia REren kontra euskal derbia jokatuko du etzi [apirilak 29]. Denboraldiko azken neurketa izango da.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldea 2022/2023 denboraldiko azken partiduaren ataritan dago. Zapatuan [apirilak 29] Ampo Ordizia REren kontra neurtuko dituzte indarrak, 16:00etatik aurrera, Ordiziako (Gipuzkoa) Altamira zelaigunean. Basurdeek ez daukate Ohorezko Mailari eusteko aukera matematikorik eta, horrenbestez, hurrengo denboraldian maila bat beherago ariko dira jokatzen.
Nolanahi ere, eta etxetik kanpora izan arren, azken norgehiagokan “ahalik eta maila handiena emateko asmoagaz” zelairatuko direla adierazi dute taldetik. Ampo Ordiziaren aurkako “garaipen eder bategaz” agurtu gura dute aurtengo denboraldia eta goreneko maila, “egiteko oso gaitza dela” jakin badakiten arren. Gernika RT taulako azken-aurreneko postuan sailkaturik ailegatuko da Ordiziako partidura, 7 puntugaz. Sailkapenean CP Les Abelles talde valentziarra daukate aurretik, baina 11 puntuko aldea dago bien artean. Lidertzari dagokionez, lehia estuagoa da taulako goiko postuetan: VRAC Quesos Entrepinares dago buruan, 53 puntugaz; dena dela, 49 puntu ditu bigarrenak, Real Ciencias Enersidek, eta 47, ostera, hirugarrenak, Recoletas Burgos-Universidad de Burgos.
Ampo Ordizia, iazko ligako txapeldunordea, 8. postuan dago egun, 25 puntugaz; aurretik Complutense Cisneros dute, 33gaz, eta atzetik, berriz, Pozuelo Union Rugby, 23gaz. Ondorioz, Gernika RTtik aurreratu dute “maila handian eta postuari eusteko asmo argi eta garbiagaz” abiatuko direla. Euskal derbia “partidu mota berezia” izan ohi dela azaldu du Eduardo Maidagan entrenatzaileak: “Normalean talde bietako ikusleak oso animatuta agertzen dira, giro aparta egoten da; hori bai, ordiziarrek ez dute ezer oparituko eta ez da inondik inora partidu erosoa izango”.
Eduardo Maidagan: “Normalean baino bizkorrago jokatu beharko dugu”
Abiadura, aurkari. Ordiziako belar artifizialdun zelai sintetikoa “etxekoen alde” izango dela azaldu du gernika-lumotarrak: “Urte asko daramatzagu kantxa horretan irabazi ezinik. Belar artifizialagaz, jokoak abiadura hartuko du, eta egoera hori beraientzat egokiagoa izango da; guk, beraz, normalean baina bizkorrago jokatu beharko dugu. Maila aldetik, aurtengoa ez da iazkoa besteko denboraldi bikaina izan Ordiziarentzat, baina seguru gaude partidu gogorra izango dela”.
“Ez gara emaitza jakin baten bila zelairatu beharko; euskal derbia gozatzeko asmoz planteatuko dugu”
Partidu frontala izango dela iragarri du Maidaganek. Horregaz batera hankagaz egindako jaurtiketek “esangura berezia” edukiko dutela azaldu du. Horren aurrean, “ahalik eta antolatuen” jokatu beharko dute basurdeek: “Garrantzitsua izango da faltarik egin barik jokatzen ahalegintzea. Ordiziaren erasoaldien aurrean, defentsa zurruna antolatu beharko dugu; baloia dugunean, aldiz, ahalik eta eraginkorren eraso egin. Presio barik jokatzea ere baliatuko du Gernika-Lumoko taldeak: “Ez daukagu aukerarik eta, hortaz, ez gara emaitza jakin baten bila zelairatu beharko. Azken partidua eta, gainera, euskal derbia gozatzeko asmoz planteatuko dugu. Hori bai, denboraldia eta maila garaipenagaz agurtu gura ditugu”.