Domekan hasiko dute Ajangizko esku pilota txapelketa
Lau mailatako partiduak jokatuko dituzte, apirilaren 30a eta maiatzaren 14a bitartean. Azken egun horretan, gainera, umetxoen topaketak egingo dituzte.
Apirilaren 30a eta maiatzaren 14a bitartean jokatuko dute Ajangizko esku pilota txapelketaren IX. ekitaldia, udalak eta Ganbatzale Elkarteak antolatuta. Lau mailatako pilotariak ariko dira herri mailako lehiaketan: benjaminak, alebinak, umeak eta nagusiak. Datorren domekan [apirilak 30] ipiniko dute abian txapelketa, udal pilotalekuan. 11:00etan ipini dute domekarako hitzordua. Lehenik eta behin, Elene eta Ilargi Motxobe eta Elgezabalen kontra ariko dira, benjamin mailan; jarraian, Bengoetxea III.ak eta Iturraspek Benitoren eta Zenazurrabeitiaren aurka neurtuko dituzte indarrak, alebinetan. Hirugarren partiduak, umeenak, Garmendia eta Fraile Fernandezen eta Pascualen kontra elkartuko ditu. Eguneko egitaraua nagusi mailakoen partiduak osatuko du: Zubizarreta eta Bernaola Rekalderen eta Olidenen kontra ariko dira.
Maiatzaren 7an, ordu berean abiatuko dute txapelketako bigarren jardunaldia. Benjamin mailako Jurdan eta Ander Argoteren eta Mujikaren kontra ariko dira lehenik eta behin. Ondoren, alebinek jokatuko dute: Beñatek eta Oar-Artetak Angar eta Albizuri edukiko dituzte aurrez aurre. Infantiletan, Bengoetxea eta Goikoetxea Murgiaren eta Beobideren kontra ariko dira. Azkenik, nagusi mailako Igoak eta Apezetxeak Okamika eta Lizeagaren aurka jokatuko dute.
Finalak, maiatzaren 14an. Hirugarren eta azken jardunaldian, 10:45ean hasita, umetxoen topaketak egingo dituzte Ajangizen. Topaketa horien barruan, Beñat Zurbero eta Urtzi Dudagoitia Danel Peñaren eta Ekain Iglesiasen aurka batuko dituen partidua egongo da. Amaitzeko, maila guztietako finalen txanda izango da, IX. ekitaldia borobilduz.