Mario Lopez, etxera bueltan
Mario Lopez gernika-lumotarrak Anna Montañana valentziarraren tokia hartuko du datorren denboraldian, eta Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzailea izango da berriro.
Mario Lopez gernika-lumotarra bueltan da. Osasun arazoak tarteko, Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeko entrenatzaile postua utzi behar izan zuen, baina, indarrak eta gorputzaldia berreskuratuta, bere lehengo postura bueltatuko da 2023/2024 denboraldian. Urtebetez taldetik aldenduta egon ondoren, entrenatzaile berria dagoeneko beharrean hasita dago. “Pozik” dagoela adierazi du eta, era berean, jadanik hurrengo denboraldirako lantaldea osatzeko prozesuan sartuta. Lointek Gernika Bizkaia “zeresana ematen duen taldea izaten jarraitzea” gura duela adierazi du Gernika-Lumokoak.
Gernika KESBeko lehendakariak, Gerardo Candinak, azaldu du Lopez berriro taldera sartzeak azken urteetako bideari “jarraipena” ematen diola. Presidenteak ere, entrenatzaileak bezalaxe, argitu du taldeko kide berria “pozik eta osasuntsu” dagoela. Lopezek, hain zuzen ere, zortzi urtetan zuzendu izan du lehen taldea Emakumezkoen Endesa Ligan; zortzi aldi horietan, gainera, beti lortu izan du taldea sailkapeneko lehen zortzien artean sartzea. Guztira, seigarren postu bi, hiru bosgarren postu, laugarren bat eta 2019/2020 denboraldiko hirugarren postu entzutetsua poltsikoratu ditu taldeak gernika-lumotarraren gidaritzapean.
Montañanaren urte “bikaina”. Lopezen fitxaketak Montañanaren zuzendaritzaren amaiera iritsi dela esan gura du, urtebetez entrenatzaile postuan aritu ondoren. 2021/2022 denboraldian ailegatu zen valentziarra Malostera, laguntzaile legez, eta iragan udan hasi zen Lopezen ordez. Taldetik adierazi dutenaren arabera, “zailtasunak zailtasun, denboraldi hasieran ezarritako helburu nagusi guztiak bikain bete ditu”. EuroCup Women txapelketako lehen play-offen errondaraino gidatu zuen taldea Montañanak; Erregina Kopara sailkatzea eta finalaurrekoetaraino iristea ere bai; baita ligako play-offen lehian aritzea ere bai. Candinak Montañanaren ibilbidea “bikaina” izan dela azaldu du: “Oso pozarren gaude denbora tarte honetan talde barruan egin duen kudeaketa ereduaz eta eskuratu dituen emaitzekin”.