Egiazko memoria aitortzeko eguna
86 urte dira gaur faxistek Gernika bonbardatu, suntsitu, eta hainbat herritar hil eta zauritu zituztela. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, kultur etxeak eta udalak urteurrena oroitzeko hainbat ekimen burutu dituzte azken astean, eta gaurko ere memoria egiteko egitaraua prestatu dute.
Iragana gogoratzeko eguna da apirilaren 26a Gernikan, etorkizuneko Gernikari begiratzekoa eta egungo Gernikak salatzekoa. Gaur, 86 urte betetzen dira Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazion Legionariak, Francoren aginduz, Gernika bonbardatu zutela; azoka eguna zen, eta 5.771 bonba jaurti zituzten.
86 urte beranduago, gertatutakoaren egia aitortzeko eguna da, egia ozen zabaltzekoa, memoria egiten jarraitzekoa eta aitortza exijitzekoa, “Gernikan eta mundu zabalean”. Bere burua herri bizitzat duenak, “memoria bizia jasoa” izan behar du; “are gehiago, bere historia garaikidean hainbesteko egunerokotasuna duen tragedia pairatu badu”. Horregatik, gaur egun ere, “egia, aitortza, memoria eta justizia” aldarrikatzen jarraitzea dagokiela adierazi dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek.
Harrizko hormen azpian lurperatuen hamarkadetako isiltasunak “ozen” dio “egiak mutu dirauela” eta “azaleratu” egin behar dela. Hala dio Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren Gernika Bizirik abestiak eta atzo estreinatutako bideoklipak, eta helburu horri jarraitu diote plataformakoek aurten ere.
Ondorioz, egitarau anitza prestatu dute gaurko.
Gernikako bonbardaketaren albistea nazioartean zabaldu zuten hainbat gerra kazetarik, tartean George Steer britainiarrak. 1937ko apirilaren 26an udalerrian gertatutakoa nazioartean ezagutzera eman zuen, eta, ohi legez, haren bustoaren aurrean omenaldia egingo diote aurten ere Gernikazarrakoek gaur.
Urteurreneko momenturik hunkigarrienetako bat 15:45ean ailegatuko da, izan ere, ordu horretan, aktibatuko dute sirena Astratik eta Pasealekutik. Loben Astrako sirena Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikoteak piztuko du, eta Gernika Batzordearen Pasealekukoa, berriz, Martxoak 3 elkarteak.
Bonbardaketaren lekukoen eta senideen bazkaria ere egingo dute, baita lore eskaintza ere; bazkaria 14:00ean Jai Alain izango da, eta lore eskaintza Zallo hilerrian, 16:30ean.
Pipergorrik, bere aldetik, Espainiako memoria politikak aztertzeko hitzordua jarri du 18:30ean Elai Alai aretoan; Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Estatuko Idazkaria egongo da bertan.
Eta, aurten, Gernika Garretan kale antzerkia bueltatuko da: 21:00etan izango da ikuskizuna Foruen plazan. Ostean, Kandelen ibilbidean elkartuko dira herritarrak.
Denetariko ekintzak.
Urteurrena aurretik, baina, denetariko ekintzak hartu ditu udalerriak. Sare Gernika-Lumok, kasurako, Oroimen ibilbidea egin zuen zapatuan: Emakumearen gatazka erradiografia bat. Eta, memoria egunero eraikitzen den “babes egitura” bat delako, apirilean zehar ere hainbat izan dira Gernika Memoriaren Lekuko plataformak antolatuta egin dituzten ekimenak: hitzaldiak, musika emanaldiak, elkarretaratzeak…
Aurten, berritasun modura, Drogeria Amutiok 75 urte betetzen dituela eta, “denda baten historiaren bitartez herriko historiaren kontakizuna” egitea aurreikusi dute barikuan; Domingo Alegria plazan egingo dute kontzertua.
Udalak, bere aldetik, ekitaldi instituzionalak ere egin ditu, tartean euskal gudarien omenaldia eta Labauriarei omenaldia; Gernikazarrakoek gaur egingo diote omenaldia, 09:30ean. Bonbardaketaren urteurrenagaz batera, gainera, Gernika Gogoratuzek 33. Kultura eta Bakearen jardunaldiak gauzatu ditu.
Anitza da, baita ere, kultur etxeak, Bakearen Museoak eta plataformak urteurrenaren harira prestatu duten erakusketen eskaintza; Iñaki Berazategiren eta Maitane Azurmendiren lanak aurkeztu dituzte dagoeneko, eta ikusgai daude Foruen plazan jarritako Aitor Aranaren lana eta kale erakusketa.
Asteburura begira, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte. Hala, munduko gerra guztiekin amaitzeko eskatuko dute bihar, eta Ziomara