Kristina Arana Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariak azpimarratu du bonbardaketaren 86.urteurreneko kultur programa anitza prestatu dutela, eta jardueretan parte hartzeko deia luzatu du.

Zelako programazioa prestatu duzue datozen asteotarako?
Kultur programa anitza egongo da bonbardaketaren 86. urteurrenean. Kolonbiako Egiaren Batzordearen Etorkizuna dago, egia baldin badago lelotik abiatuta osatu dugu kultur programa osoa.
Beste urte batez, elkarlanean ondutako programazioa osatu duzue, ezta?
Gernikan hainbat erakunde eta elkarte daude memoriaren alde lan egiten dutenak, eta nahi ala ez, danok elkarrekin lan egin behar dugu. Programa amankomun bat osatzen ahalegintzen gara, eta kultur programa hau ez litzateke posible izango Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren, Zine Klubaren, Gernika Gogoratuzen, Bakearen Museoaren… laguntza barik. Hau da, denon artean osatutako programa da, eta jendea parte hartzera animatu gura dugu.
Besteak beste, lau erakusketa aurkeztu dituzue.
Lau erakusketa biltzen dituen erakusketa proiektua da. Bi kale erakusketak dira: Gernika 1937. Amesgaiztoa amesten Aitor Aranaren eskutik eta Gernika 1937-06-26 bonbardaketako testigantzako argazkiekin osatutakoa. Bestetik, Elai Alai aretoko Gerra Zibila hobeto ulertzeko argazkiak Euskadin erakusketa Iñaki Berasategiren argazki bilduma bat da. Kultur Etxean daukaguna Maitane Azurmendiren Azken Bidaia da; iaz argitaratu zuen liburuarekin lotutako erakusketa da. Bere eta askoren ustez Guernica koadroak egin beharko lukeen azken bidaiari buruzkoa da, Madriletik Gernikara egin beharko lukeena. Erakusketa oso interesgarria da, bai gaiagatik bai Maitanek gaiarekiko daukan lotura emozionalagatik.
Solasaldi bereziak ere egongo direla aurreratu duzue.
Gernika Gogoratuzek antolatutako Kultura eta Bake Jardunaldietara etorriko direnen artean dago Egiaren Batzordeetan parte hartu zuen Laura Restrepo idazle kolonbiarra. Beragaz solasaldia izango dugu otsailaren 24an, liburutegian. Kolonbian emakumea erdi gerrillaria izatea ez da bat ere erraza, eta bere alde literarioaz zein kolonbiar gizartearekiko daukan konpromisoaz ariko gara. Bestalde, 1976ko irailean Argentinan kokatutakoa da Las noche de los lapices. Paramilitarrek zazpi ikasle bahitu, torturatu eta hil zituzten. Pablo Diazek bizirik ateratzea lortu zuen, eta, gero, Argentinako Egiaren Batzordean parte hartu zuen. Otsailaren 25ean pelikula aurkeztuko dugu Lizeo Antzokian, eta Diaz egongo da azalpenak emateko. Oso interesgarria eta aberasgarria izango da.