Kerman Lejarragak agur esan dio eliteko boxeoari
Kerman Lejarragak eliteko boxeoa utzi du. Apirilaren 29an lehiatu behar zuen Madrilen bere azken borroka, baina erretiroa aurreratu egin zaio morgarrari.

Kerman Lejarraga morgarrak eliteko boxeoa utziko duela iragarri du. Madrilen, Wizink Centerren, bere azkenengo borroka egiteko asmoa zeukan Lejarragak, apirilaren 29an, baina erretiro data aurreratu behar izan du. Izan ere, Madrilen aurkari eduki behar zuen Pzremyslav Runowski poloniarrak ezin izango duela borrokatu iragarri du, bere managerragaz izandako arazoak tarteko. Horrenbestez, Morgakoa ezin izango da agur modura azken aldiz ringera igo.
Welter eta Superwelter mailako Europako Txapelduna izandakoak azaldu du bere erretiroaren arrazoi nagusia “%100a emateko ezintasuna” izan dela: “Argi eta garbi eduki dut beti neure bertsiorik onena eman behar dudala, borrokatzen jarraitu ahal izateko; hori lortu ezin dudan egunean erretiratuko nintzela aurreikusten nuen, eta esango nuke egun hori ailegatu dela. Gainera, neure aurkariagaz pasatutakoak ere are argiago utzi dit eliteko boxeoa albo batera uzteko une egokia oraintxe dela”.
Aurrerantzean, Morgako Errebolberra ringaren beste aldera pasatuko da, promotore beharretan hastea baitu buruan. “Boxeoa beste ikuspuntu batetik gozatzeko gogotsu nago; kirol honen alde dena emateko asmoz jarraitzen dut. Neure jomuga nagusia bidean datozen promesei ahalik eta aukera gehien ematea, aldaketak proposatzea eta harrobiari tokia egitea izango da”, azaldu du. Era berean, Lejarragak ez du ukatu “triste samar” sentitzen denik, baina etorkizunera begira dituen proiektuek “ilusio handia” pizten diotela argitu du.