Herrian kontsumitzeko ohitura sustatzeko aplikazioa sortzea proposatu du EH Bilduk: GernikaAPP
EH Bilduren proposamena da Merkatu plazaren filosofia eta kudeaketa bera ere aldatzea. Horretarako, bertan zerbitzu berriak eskaini gura dituzte.
Udal hauteskundeetara begira, herriko komertzioa dinamizatzeko eta herrian kontsumitzeko ohitura sustatzeko, tokiko merkataritza indartzeko aplikazioa sortu gura duela iragarri du EH Bilduk: GernikaAPP. “Dinamizazio ekonomikorako proposamen honek Busturialdeko lehen sektorea du oinarri, tokiko merkataritza ardatz eta aberastasuna sortzea helburu”.
Aplikazioa komertzioek euren produktuak eskaintzeko eta bezeroak haiek erosteko tresna izango da. Aurreikuspenen arabera, udalak diseinatzea pentsatu dute koalizio abertzalekoek, eta doan eskaintzea. “Bertatik erosketak eginda, komertzioetan edo merkatu plazako dendan jasotzeko aukera egongo da, baita etxera eroatekoa ere”. Horretarako, banatzaile sarea antolatzea “beharrezkoa” dela deritze: merkatariek, tabernek eta jatetxeek udalagaz batera diseinatutakoa eta kudeatutakoa izatea gura dute. GernikaAPP ez dela komertziora bakarrik mugatuko diote, “kultura eskaintza kontsumitzeko, kirol instalazioen erreserbak egiteko edo udal espazioak eskatzeko aplikazioa ere izango delako”.
Merkatu plaza eraberritzeaz gain, EH Bilduren proposamena da horren filosofia eta kudeaketa bera ere aldatzea, “tokiko merkataritza osoaren mesedetan”. Horretarako, bertan zerbitzu berriak eskaini gura dituzte: denda, merkatua etxera, biltegia eta aisialdirako espazio anitza.
Hala, aplikazioak eta kudeaketa era berriak sei lanpostu sortuko lituzkeela gaineratu dute: lau merkatu plazako dendari eta banatzaileak, informatikari bat, eta zerbitzuaren kudeatzailea.