Baxoko frogak euskaraz izatea aldarrikatzeko mobilizazioa Baionan
Bermeoko Eleizalde Ikastolak eta Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolak autobusa antolatu dute zapatuan Baionara joateko. Edozein herritarrek izena eman dezake.
Urte luzeetako borrokari esker, Brebeta (DBH 3.mailan egiten den froga) euskaraz izatea lortu dute ikastolek, baina oraindik ere, Baxoko frogak (Frantziako selektibitatea) osorik frantsesez egin behar dituzte Ipar Euskal Herriko ikasleek, nahiz eta ikasketa guztiak euskaraz egin. Hori salatzeko eta ikasleek azterketak euskaraz egin ahal izatea eskatzeko, Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez lelopean mobilizazioa egingo dute zapatuan 17:00etan (apirilak 22) Baionan, eta bertara joateko autobusa antolatu dute Bermeoko Eleizalde Ikastolak eta Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolak.
Horretarako, aurretiaz izena eman behar da hurrengo loturan: https://forms.gle/TLWyQHXyLA5Pd59X8. Zehaztu dutenez, autobusa doakoa izango da, eta 13:00etan aterako da Bermeoko San Martin geltokitik; 14:00etan jarri dute hitzordua Gernika-Lumoko Villa Argentinan, Saraspen eta Lurgorrin.
Ipar Euskal Herriko euskararen egoera “guztion ardura” dela diote, eta herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete ikastolek: “Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako euskaldunek gure sustenguaren beharra dute”.