Azken unera arte dena emateko hautua
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak CP Les Abellesen kontra jokatuko du ligako azken-aurreko partidua. Domekan [apirilak 23] izango da, 12:00etan, Urbietan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak ligako azken-aurreko partidua jokatuko du domekan [apirilak 23], 12:00etatik aurrera, Urbietan. Iragan asteburuan Pozuelo Rugby Union talde madrildarraren kontra garaipen bikaina poltsikoratu ondoren, CP Les Abelles talde valentziarra hartuko dute etxeko zelaian eta etxeko jarraitzaileen aurrean. Basurdeek ez dute aukerarik datorren denboraldira begira Ohorezko Mailari eusteko, baina Urbietan ahalik eta mailarik txukunena erakustea eta urtea garaipenekin borobiltzea bilatuko dute.
VRAC Quesos Entrepinares da Ohorezko Mailako egungo liderra, 53 puntugaz. Gernika RT, ostera, taulako azken-aurrena da, 7gaz. 11 puntutara dauka sailkapenean aurretik dagoen taldea, domekako arerioa; ondorioz, goi-mailari eusteko aukera barik daude, egun, gernika-lumotarrak. Izan ere, denboraldiari geratzen zaizkion partidu bietan gehienez 10 puntu eskuratu ditzakete, eta 11ko aldea dago sailkapenean aurretik duten taldearekiko; talde hori, hain zuzen ere, domekako aurkaria da. Arerioek, gainera, puntuen average-a alde dute.
Eduardo Maidagan: “Talde legez, alderdi denetan maila ematen du Les Abellesek”
Nolanahi ere, taldeko entrenatzaile Eduardo Maidaganek aurreratu du “duten guztia emango dutela” domekako norgehiagokan: “Geure zaleek merezi duten besteko maila erakusten saiatuko gara, baita garaipenaren lehian aritzen ere”. CP Les Abelles “talde borrokalaria” dela iragarri du Maidaganek: “Jokalari oso sendoak dituzte zelaiaren aurrealdean jokatzeko; euren kantxan jokatu genuenean, min handia egin ziguten uztartzeetan. Gainera, jaurtiketetarako hanka bikainak dituen 10a daukate. Talde legez, alderdi denetan maila ematen du Les Abellesek”.
Ligako azken partidua euskal derbia izango da, hurrengo astean; Ampo Ordizia REren kontra neurtuko dituzte indarrak
Aipatutako indargune horiei aurre egiteko, entrenatzaileak baliatu beharreko formula zein den argitu du: “Diziplina handiz jokatu beharko dugu, eta kolpeak egitea saihestu. Aurrealdean jokatzerakoan, belar naturaleko zelaian jokatzea alde dugula uste dugu. Argi dugu euren estrategia hiru ardatzetan oinarrituko dutela: ostikada eman, eta gora jotzea; kontaktu handiko jokoa egitea; etengabe presioa egitea”.
Hurrengo asteburuan, Gipuzkoan euskal taldeen arteko derbia jokatuko dute basurdeek, eta ligako azken zita izango da. Ampo Ordizia RE edukiko dute aurkari, Ordizian. Partidu horretan ere “garaipena lehiatzea” izango da euren jomuga.