Casademont izango da Lointeken lehen arerioa ligako play-offen lehian
Aurtengo Erregina Kopako garailea, Casademont Zaragoza, egokitu zaio Lointek Gernika Bizkaiari ligako play-offetako final-laurdenetan. Bihar eta domekan jokatuko dituzte play-offetako lehen bi partiduak.

Emakumezkoen Endesa Ligako azkenengo jardunaldia iragan zapatuan jokatu ondoren, Lointek Gernika Bizkaiak 2022/2023 denboraldirako ezarritako helburu nagusietako bat bete du: ligako play-offen borrokan aritzea. Taulako 5. postuan sailkatuta, bihar jokatuko dute play-offetako lehen partidua, eta ez dute aurkari erraza edukiko aurrez aurre. Izan ere, aurtengo Erregina Kopako garailea, Casademont Zaragoza, egokitu zaie arerio Anna Montañana valentziarraren jokalariei.
Casademonten aurkako kanporaketa partidu bitara jokatuko dute: lehena, bihar [apirilak 20], 20:00etan; bigarrena, domekan [apirilak 23], 12:15ean. Puntu gehieneko aldeagaz irabazten duen taldeak lortuko du final-laurdenetatik finalaurrekoetarako txartela. Finalerdiak, hain zuzen ere, Valentzia Basketen eta Movistar Estudiantesen arteko kanporaketan gailentzen den taldearen kontra jokatuko lituzkete, horiek ere partidu bitara. Gainontzeko final-laurdenetan ondorengo taldeek jokatuko dute: Perfumerias Avenidak Cadi La Seuren aurka, batetik; Spar Gironak Barça CBSren kontra, bestetik.
Puntu gutxiko iragarpena. Casademontek defentsa sendoa du, baina ez da talde bereziki azpimarragarria erasoan, Gernikatik adierazi dutenez. Beraz, puntu gutxiko partidua aurreikusten dute. Leonie Fiebich (ligako MVPa) eta Markeisha Gatling dira jokalari nabarmenenak. Era berean, Montañanak ezin izango du Andrijana Cvitkovicekin kontatu, orkatilan min hartuta baitago; bai, ostera, Marta Alberdi gernika-lumotarragaz.