Mundakako Turismo Bulegoa Itourbask sarearen baitan dago
Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman ostean, Mundakako Turismo Bulegoa Itourbask Turismo Bulegoen Euskal Sareari atxikitutako udalerrien zerrendan sartu da.
Itourbask Sareko zerbitzu teknikoek Mundakako Turismo Informazioko Bulegoa bisitatu zuten urtarrilaren 24an, eta bilera bat izan zuten Irati Gondra alkateagaz. Bilera horretan alkateari jakinarazi zioten udalerriko Turismo Informazioko Bulegoaren seinaletika ez zela nahikoa, eta bulegoaren barrualdea iriste erraztasunaren alorrean indarrean dagoen araudira egokitu behar zutela. Ondoren, 2023ko martxoaren 31n egiaztatu zen aipatutako bisita teknikoan eskatutakoa zuzendu egin zela. Halaber, eta aplikatu beharreko araudia betez, beharrezko egiaztapenak egin ziren lokalaren egokitasuna egiaztatzeko eta erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen zirela egiaztatzeko.
Itourbask izeneko Turismo Bulegoen Euskal Sareak hainbat zerbitzu ditu. Zerbitzu horien artean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako turismo baliabide eta zerbitzuen datu-baseak nabarmendu behar direla diote. “Horiei esker, horien arteko truke eta komunikazioa, dagozkien eginkizunen arabera, ahalbidetzen dira; bulegoei ezaugarri homogeneoak ematen zaizkie informazioaren estaldura eta edukiei dagokienez; turismoko erabiltzaileei zerbitzu-multzo integrala eskaintzen zaie; horien poztasun maila hobetzen da eta Euskal Herriko turismo baliabideen komunikazio eta hedapena bultzatzen dira”.