1.500 euroko Nik Gernikan diru laguntza, udalerrian saltoki berri bat zabaltzeko
Laguntzagaz lokalaren alokairuak ordaindu ahalko dituzte ekintzaileek, baita autonomoen kuotak, negozioa zabaltzeko gastuak edota negozioa abian jartzeko beharrezko inbertsioak ere. Gehienez 1.500 euroko laguntza emango da enpresa bakoitzeko.
300 denda baino gehiago daude Gernika-Lumon, eta 700 pertsona baino gehiagori ematen diete lana. Bizkaiko merkataritza tasarik altuena duen udalerria da, baita Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoa ere, 5.000 biztanletik gorako herriak aintzat hartuz gero. Herriko merkataritza tasa hori mantentzeko asmoz, hain zuzen ere, udalerrian saltoki berri bat zabaltzeko 1.500 euroko Nik Gernikan diru laguntza kaleratu du udalak.
“Merkataritza tasa hori mantentzeko eta merkataritza sektoreari laguntzeko asmoz kaleratu dugu diru laguntza”, adierazi du Iñigo Magunagoikoetxea merkataritza zinegotziak.
Zehaztu duenez, establezimendu berri bat zabaltzea edota egun aktibo dagoen establezimendu bat eskuz aldatzea errazteko laguntza da, edozein ekintzailek eska dezakeena. Zehaztu dutenez, ez da diruz lagunduko egoitza aldatzea edota lekuz aldatzea.
Laguntzagaz lokalaren alokairuak ordaindu ahalko dituzte ekintzaileek, baita autonomoen kuotak, negozioa zabaltzeko gastuak edota negozioa abian jartzeko beharrezko inbertsioak ere. “Gehienez 1.500 euroko laguntza emango da enpresa bakoitzeko”, adierazi du Magunagoikoetxeak.
Diruz lagunduko zaie 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera denda zabaldu duten ekintzaileei, eta laguntza jaso nahi izanez gero, udalaren Gertu zerbitzuan edota www.gernika-lumo.eus webgunean egin beharko dute eskaera.
Aurrekariak.
Nik Gernikan kanpaina 2018an hasi ziren garatzen udala eta Gernikako Merkatari Elkartea, eta ordutik denetariko ekintzak antolatu dituzte. Urte horretan bertan sortu zuten Nik Gernikan leloa, eta martxan jarri diren ekintza guztien lotura izan da. Lehenenego ekimena udalerriko merkataritzaren sustapen bideoa argitaratzea izan zela gogoratu du zinegotziak: “Grabazio bat egin genuen, sektore askotariko profesionalei aurpegia jartzeko balio izan zuena”. Ekoizpen horri esker, merkatari askok “herriaren ekonomiarako eta bizitzarako ezinbestekoa” den 700 pertsonatik gorako kolektibo bateko kide izatearen “harrotasuna berreskuratu” zuten.
Nik Gernikan poltsekin, berriz, sustapen lana egin zuten, Gabonetako erosketak herrian egiteko. “Kanpaina arrakasta handiz errepikatu da 2019ko, 2021eko eta 2022ko Gabonetan, eta guztira 2.000 poltsa inguru banatu ditugu”. Zinegotziak dio plastikozko poltsen kontsumoa saihesteko ere balio izan duela kanpainak.
2019an, Nik Gernikan Sariak sortu zituzten. Sektore osoarentzako aitzatespena diren sariak dira, merkatari eta ostalariak herriaren “bizitzaren funtsezko zatia” baitira. Dauden kategoriek merkatarien ahalegina saritzen dute, eta dagoeneko 12 sari banatu dituzte: 9 merkatari kategorietan eta 3 ostalaritza kategorian.
Nik Gernikan lelopean antolatutako ekimen “arrakastatsua” izan dira bono kanpainak, zinegotziaren berbetan. Lau bono kanpaina egin dituzte, eta udalak 275.000 euro inbertitu ditu, 1.300.000 euro inguruko gastua eraginez udalerriko merkataritza zein ostalaritzan. “Nabarmentzekoa da ostalaritzako bonoen azken kanpainan sektoreko establezimenduen %100 inguruk hartu zutela parte”, gehitu du.
2021an, bestalde, ekimen berri bat jarri zuten martxan: Gernika-Lumoko Merkataritza Astea. “Aste hau Black Friday egunaren bezperan ospatzen da, hain zuzen ere, saltoki handiek eta online salmentarako plataformen salmentei aurre egin ahal izateko. Aste honetan prestakuntza eta dibulgazioa uztartzen dira”, azaldu dute. Aste horretan, hain zuzen ere, sektorean lan egiten duten profesionaltasuna hobetzea bilatzen dute, baita hiriko merkataritzaren irudi positiboa indartzea ere.
Urte hauetan sustatutako beste ekimenak dira unitate didaktikoa eta lokal bilatzailea. Merkataritzaren etorkizuna bermatzeko helburuz bultzatu dituztela adierazi du zinegotziak. “Lehenengoak bezeroak berritzeko balio du: alde batetik, unitate didaktiko bat egin da DBH 4. mailako ikasleentzat. Gazte hauek tokiko merkataritza ezagutu, baloratu eta erabiltzeko helburuarekin gauzatu dugu”, diote. Unitate hori hainbat ikastetxetan banatu da, eta horiekin lan egiteko jarduerak “berritzea eta hobetzea” aurreikusi dute.
Merkataritza bilatzailea, merkataritza eskaintza berritzera bideratu dute. “Joan den astean lokal hutsen bilatzaile bat aurkeztu genuen, Gernika-Lumon saltoki berriak sortzea bultzatzeko eta erretiroagatik ixteko gertu dauden saltokietan eskualdeketa bultzatzeko”, gehitu du Magunagoikoetxeak.