Goiko Plazako argiztapena hobetzeko lanak egin dituzte
Duela gutxi zaharberritutako udaletxearen fatxada argiztatu dute, barrutik zein kanpotik, "modu soil eta dotorean". Datozen asteetan, Andra Mari elizaren fatxada ere argiztatuko dute.
“Alde Zaharra edertzeko eta herriaren ondareari balioa emateko” lanean jarraitzen du Bermeoko Udalak. Hala, iraunkortasun, efizientzia eta kalitate irizpideei jarraituz, Goiko Plazako argiztapena hobetzeko lanak egin dtuzte. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako jarduera dela azaldu dute udaletik; guztira, 48.400 euro inguru bideratu dituzte lanotara.
Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lanari esker gauzatutako proiektua dela adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Hala, Jaurlaritzak egindako ekarpena eskertu du, baita ere erakutsi duen “jarrera proaktiboa”.
Lan horien helburu nagusia izan da Goiko Plaza bezalako Alde Zaharreko gune esanguratsua edertzea, “bertan dagoen ondare handiari balioa emanez”. Horretarako, duela gutxi zaharberritutako udaletxearen fatxada argiztatu dute, barrutik zein kanpotik, “modu soil eta dotorean”. Zehazki, balkoien, leihoen, kanpandorrearen, estalkiko barandaren, armarriaren eta erlojuaren tenpletearen argiztapena berritu dute. Udaletxearen fatxadan egin dituzten lanak aprobetxatuz, datozen asteetan, Andra Mari elizaren fatxada ere argiztatuko dutela jakitera eman dute.
Lanak egiterakoan, efizientzia, jasangarritasun eta kalitate irizpideak kontuan hartu dituzte, beste batzuen artean; “argi guztiek LED teknologia eta azken belaunaldiko txipak dituzte, eta argiztapena argiteria publikoaren sarera konektatuta eta egunean piztutako ordu kopurua kontrolatzeko aukera emango duen erloju astronomiko batekin egin da”.
Era berean, aipatu dutenez, argiak ahalik eta gehien integratu dira udaletxearen fatxadako baoetan, “ingurunea eta biodibertsitatea argi bidez ez kutsatzeko”. Elizaren kasuan, proiekzioa modu leunean egingo da, luminariei argi-kutsadura minimizatuko duten islagailuak jarrita.