Kontraerasoek minduta: basurdeen porrota Belenosen aurka
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 5-27ko markagailuagaz galdu du Pasek Belenos RC taldearen aurka, Urbietan, Ohorezko Mailako 17. jardunaldian.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak, 5-27ko markagailuagaz, porrot mingotsa jaso zuen domekan. Urbietan, etxeko zaleen aurrean, ligako biziraupen ametsari eusteko azkenengo aukera erreala eduki zuten basurdeek, Pasek Belenos RC talde asturiarraren kontra. Gauzak ez zitzaizkien espero legez atera, eta talde bisitaria nagusi izan zen partidu osoan zehar. Gernika-Lumoko taldeak iragarri modura, aurrez aurreko partidua jokatu behar izan zuten hasiera-hasieratik, oso frontala eta fisikoa.
Belenosek jo zuen mahai gainean lehen kolpea, jokoa abian ipini bezain pronto 0-7 aurreratu baitziren; etxeko taldea, dena dela, ez zen kikildu eta, entsegu baten ondoren, 5-7koa eskuratu zuten. Markagailu horregaz joan ziren aldageletara. Lehen zatiko ezaugarri nagusia bien arteko berdintasuna izan zen. Borroka horretan, Gernika RT maila oso duinean aritu zen; izan ere, aurkariaren zelaigunean jokatu zuten gehienbat, presio lanak eginez, baina ezin izan zuten behar hura guztia emaitzekin gorpuztu. “Oso frustragarria da presioa egin, oldarkor nahiz azkar jokatu, eta, oro har, geure esku dagoen dena egin, eta behar hori guztia emaitzekin bistaratu ezin izatea”, adierazi du Gernika RTko entrenatzaileak, Eduardo Maidagan gernika-lumotarrak.
Eduardo Maidagan: “Gaur-gaurkoz, taldea hurrengo denboraldira begira dago, geratzen zaizkigun partidu denetan mailarik onena ematen saiatuko garen arren”
Aukera barik. Bigarren zatiaren hasieragaz, Gernika-Lumoko taldekoen presioak ez zuen behera egin, baina alderdi berri bat suertatu zitzaien beren kontra: Belenosen kontraerasoetarako abilezia aparta. Asturiarrek ez zuten jokoaren agintea lortu, baina bai, ostera, jokoaren ezusteko faktorearena. Etxekoek sarri estu hartu arren, kontraerasoetan topatu zuten basurdeak zauritzeko bidea, eta halaxe egin zuten. Estrategia horrek, gainera, bidea egin zuen kanpotarren alde: puntuz puntu eta entseguz entseguz, markagailua 5-27raino eroan zuten.
Maidaganek adierazi duenez, taldeak “burumakur” hartu du azken aukera hori: “Gaur-gaurkoz, taldea hurrengo denboraldira begira dago, geratzen zaizkigun partidu denetan mailarik onena ematen saiatuko garen arren; taldeko behargin denek eta zaleek merezi dute”. Matematikoki, basurdeek biziraupenari eusteko aukeraren bat edo beste daukaten arren, “gutxienak dira”. Hurrengo martitzenera arte, oporrak hartuko dituzte, eta jarraian ekingo diote denboraldi amaierari. Partidu bi jokatuko dituzte erreskadan Urbietan: lehenengoa, Pozuelo Rugby Union taldearen aurka; bigarrena, aldiz, CP Les Abellesen kontra. Azken partidua, euskal derbia, etxetik kanpo jokatuko dute: Ampo Ordizia REren kontra.