"Gaztetasuna eta udalgintzako esperientzia" uztartzen dituen taldea aurkeztu du EH Bilduk
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako EH Bilduk orain arte egindako lanari eusteko eta martxan dauden proiektu guztiak garatzeko lantaldea aurkeztu du. Herri mugimenduan elkarte eta ekimen desberdinetan aritu izan diren pertsonak aukeratu dituzte zerrendarako.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako EH Bilduk “gaztetasuna eta udalgintzako esperientzia” uztartzen dituen lantaldea aurkeztu du maiatzeko hauteskundeetarako. Zerrendako izenek orain arte egindako lanari eusteko eta martxan dauden proiektu guztiak garatzeko bokazioa erakusten dute, izan ere, Begoña Enbeita jarduneko alkatearekin batera jarraituko dute Roke Ojanguren kultura eta euskara zinegotziak eta Jon Basterretxea hirigintza zinegotziak.
Zerrenda osatuz, eurekin batera herri mugimenduan elkarte eta ekimen desberdinetan aritu izan diren pertsonak daude, hiru herriak ordezkatzen dituztenak eta auzo guztien arteko oreka erakusten dutenak. “Taldean indartsuagoak garelako, eta bidean gero eta gehiago garelako, egindako lanari eutsi eta maite ditugun Muxika, Ibarruri eta Gorozikan aurrera egiten jarraituko dugu”.
Eneritz Baraiazarra eta Amets Elgezabal zinegotziek lehen lerroa utziko badute ere, taldean lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Orain arte egindako lana goraipatu dute koalizio abertzalekoek, gobernantzan herritarrek izan duten parte hartzea eta inplikazioa balioan jarriz eta udalaren eta herriko elkarte eta talde desberdinen elkarlanari esker Muxika, Ibarruri eta Gorozika herri “bizi-biziak” direla aldarrikatuz.
Zerrenda:
1. Begoña Enbeita.
2. Jon Basterretxea.
3. Roke Ojanguren.
4. Esti Muniozguren.
5. Igor Ajuria.
6. Aritz Jauregi.
7. Naia Zarrabeitia.
8. Josu Gabikaetxebarria.
9. Nerea Gutierrez.
10. Eneritz Baraiazarra.
11. Haizea Garmendia.
12. Juan Kruz Galarza.