Garaipenetik hurre eta egindakoaz harro
Gernika Futbol Salak penalti jaurtiketetan galdu du Antiguokoren kontrako Euskal Kopako finalaurrekoa. Luzapena 3-3koagaz amaitu ostean, 2-4 galdu dute. Euskal Kopa Otxartaberentzat izan da.
Gernika Futbol Salak ezin izan du Euskal Kopako finalera iritsi. Zapatuan, Antiguokoren kontra jokatu zuten txapelketako lauko finaleko lehen partidua, finalaurrekoa. Gipuzkoarrak nagusi izan ziren, kostata izan baldin bazen ere: 2-4 irabazi zuten penaltietan. Azken hiru denboraldietan, Gernika FSk eta Antiguokok berdindu egin dute jokatu duten bakoitzean, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, finalerdiko dinamika. Partidu gogorra eta teknikoa jokatu zuten talde biek, eta penaltietan erabaki zen finalerako txartela.
Gernika-lumotarrek aurpegia erakusteko asmoagaz hasi zuten neurketa. Donostiarrak, Hirugarren Mailako egungo liderrak, ziren hautagai nagusiak, baina Gernika FSkoek ez zuten beren larrua merke saldu. Zortea alde eduki ez arren, jokaldi bikainak egin zituzten, eta 2-2koagaz amaitu zituzten lehen bi zatiak. Talde bietako batek ere ez zuen lortu erasoaldietan nagusi agertzerik; defentsa lanek, ostera, egundoko garrantzia eduki zuten. Gernika FStik adierazi dutenaren arabera, “norgehiagoka oso lehiatua” izan zen, baina inork ez zuen “kanporaketaren kontrola” hartu. Luzapen denboran, biek ala biek gol bana sareratu zuten, eta, 3-3koagaz, penaltietara joan ziren.
Penalti jaurtiketa “urduria” izan zen: “Edonork eskura zezakeen garaipena, ez zegoen inongo hautagaitzarik. Guk lehenengo bietan huts egin genuen, eta eurak artez ibili ziren. Hori dela eta, 2-4koagaz, ez genuen bosgarren eta azkena jaurti, jadanik ez baikenuen aukerarik partidua irabazteko”. Porrota gorabehera, taldekoek “sari legez” hartu dute Euskal Kopa: “Geure helburua liga da; Euskal Kopa, beraz, sari legez ulertu dugu eta, gainera, maila handia erakutsi dugu”. Psikologikoki “indartuta” atera baldin badira ere, alor fisikoan “eragin handia” eduki du finalaurrekoak: “Nekatuta amaitu genuen; orain, tartetxo bat beharko dugu indarrak berreskuratzeko, eta partidurik gabeko asteak onura egingo digu”.
Beste finalaurrekoan, Otxartabek 6-2 irabazi zion Lagun Onaki; finalean ostera, 4-1 gailendu zitzaion Antiguokori
Hautagaia, nagusi. Otxartabek irabazi zuen Euskal Kopa. Finalaurrekoan erosotasun handiagaz nagusitu zitzaien Lagun Onak taldeari, 6-2ko morkagailuagaz. Finalean 4-1eko garaipena lortu zuten Antiguokoren kontra. Lauko finalera sailkaturiko lau taldeetatik Bigarren B Mailako talde bakarra Otxartabe zen, eta nagusitasun hori ageriko bihurtu zen Euskal Kopan. “Aurreikuspenak bete egin ziren, Otxartabe baitzen, teorian, aurkaririk lehiakorrena”, azaldu dute.
Denboraldia amaitzeko sei jardunaldi falta zaizkie gernika-lumotarrei eta “emaitzek dakartzaten bermeekin” hartuko dituzte. “Bigarren B Mailara igotzeko play-offetan egon gura dugu, gaur-gaurkoz hirugarrenak baikara. Printzipioz, sei partidutik hiru irabaziz gero, nahikoa izan beharko litzateke play-offetan jokatzeko. Lau talderen artean jokatuko da igoera, eta bakarra sailkatuko”, adierazi dute.
Santanapeko ikusleek, Gernika-Lumotik Derioraino joanda, harmailak lepo bete zituzten
Euskal Kopako finalerdian, bestalde, “ikusleen %80 inguru” Gernika-Lumotik joandakoak izan ziren: “Jarraitzaileek egundoko babesa erakutsi ziguten, taldeagaz guztiz bat eginda egon ziren. Klubaren zale kopuruak, aurten, azkenengo urteetako kantitate jauzirik esanguratsuena egin du, eta Santanapeko partiduen jarraipena horren erakusle da. Jarraitzaileen babesa alde dugu”, argitu dute.