Final handitik pauso bakarrera
Lointek Gernika Bizkaiak 53-59 galdu du Perfumerias Avenidaren kontra, Erregina Kopako finalaurrekoan. Partidua ohiko mailatik behera abiatu ondoren, hautagai nagusia txapelketatik kanpo uzteko zorian egon dira Malostekoak.
Lointek Gernika Bizkaiak atzamar puntekin ukitu du Erregina Kopako final handia, Zaragozan. Barikuan (martxoak 31) Spar Gironaren kontra 65-79 gailendu ondoren, finalaurrekoan 53-59 jausi ziren Perfumerias Avenidaren kontra, zapatuan (apirilak 1). Salamancako taldea nagusi agertu zen gernika-lumotarren aurka, eta ezin izan zuten finalerako txartela eskuratu. Gironaren kontrakoan, Lointekek joko distiratsua eta goi mailakoa egitea lortu zuen, baina Avenidaren aurka, ostera, defentsa beharretara baino ezin izan ziren mugatu.
Igerabide, Buch, Spreafico, Meskonyte eta Da Silva izan ziren finalerako sailkapena lehiatzera kantxaratu ziren bost jokalariak. Lehen minutuetatik oso begibistakoa izan zen defentsa lerro zurruna eraiki zutela baina, era berean, erasoaldietan ahuleziak zituztela Malostekoek; 1-6 aurreratu zen Avenida, hark ere mailarik onena erakutsi ez arren. Gernikak, hasieran, markagailuak erakusten zuena baino sentsazio txarragoak bistaratu zituen, eta aurkariak 24-37 ihes egin zion. Wojta eta Cvitkovic jokoan sartu zirenean hasi zen Lointek jokoari neurria hartzen. Aipagarria izan zen, bestalde, Ariztimuño bilbotarrak egindako beharra, beti bezain eraginkor eta fidagarri. Gernika-Lumokoek partidu oso gaitza zuten aurrean, baina ez ezinezkoa.
Azeleragailuari sakatu beharra zuten Anna Montañanarenek, finalerdian lehiakor agertuko baldin baziren. Atsedenaldiaren ondoren, Buchek jokoaren zirkulazio bikaina erakutsi zuen, jokoari bizkortasuna eman asmoz; 7-0ko partzialagaz, 34-44ko markagailua ezarri zuten. Oraindik bazegoen tarterik esperantzarako. Entrenatzaile biek hutsarte bana egin ostean, 36-50ekoagaz, Lointekek Avenida estutasunetan ipini zuen, baina ez zuen nokeatu. Cvitkovicek behin eta berriro astindu zuen aurkarien saskia, eta, amaierarako minutu biren faltan, Lointekek 11-0eko partziala eta 52-55ekoa lortu zituen.
Azken minutuan, Igerabideren hiruko jaurtiketa bat partidua iraultzeko puntuan egon zen, baina ez zen saskiratu
Partidua, jaurtiketa baten menpe. Azken minutuan, Gernikakoek partiduaren lehen erdiko hutsegiteak igarri zituzten, ezin izan baitzuten berdinketa ezarri. Azken minutuan, Igerabidek hiruko jaurtiketa bota zuen, baina baloiak ez zuen saskian sartu gura izan, eta orduantxe ihes egin zuen finalerako txartelak. 53-59ko markagailuagaz agurtu behar izan dira gernika-lumotarrak Erregina Kopaz. Dena dela, ikuskizun handia utzi dute bidean: Spar Girona, ligako hautagai boteretsuenetakoa, lehiaketatik kanporatu zuten barikuan, eta zapatuan Erregina Kopako estatistikarik onenak dituen taldea, Perfumerias Avenida, larritasunean jarri zuten.
Anna Montañana: “Partidua orduko egindako lanagaz geratzen naiz, lantalde osoaren konpromisoagaz; mailako taldea garela frogatu dugu”
Azken minutuetako protagonistak, Igerabidek, adierazi zuen “egindako lanaz harro” daudela: “Lehen zatiko gabeziek zeresan handia eduki zuten amaieran, eta Avenida gehiago izan zen testuinguru horretan. Nolanahi ere, denboraldia ez dago amaiturik; oraindik gauza politak ditugu egiteko aurten”. Montañana valentziarra ere pareko iritziagaz agertu zen. “Berandu sartu gara partiduan, eta Avenidak ez du barkatu. Euren lehen 20 minutuak izugarriak izan dira, kontaktu ugarikoak, eta asko sufriarazi digute. Garaipena lortu ez arren, partidua orduko egindako lanagaz geratzen naiz, lantalde osoaren konpromisoagaz; mailako taldea garela frogatu dugu”, azaldu du.
Atsedenerako asti barik, ligako play-offengatik lehiatzeko garrantzitsua izango den partidua jokatuko dute eguaztenean (apirilak 5) Lointekekoek, Valentziaren aurka, Malosten.