Gernika FS, Euskal Kopa lortzetik pauso bitara
Euskal Kopako finalaurrekoa lehiatuko du bihar [apirilak 1] Gernika Futbol Salak, Antiguokoren kontra, Derion. Finala domekan [apirilak 2] izango da.
Gernika Futbol Salak hitzordu oso garrantzitsua dauka asteburuan, egiten ari diren denboraldi bikainaren barruan: Euskal Kopako lauko finala jokatuko dute, Derion. Bihar [apirilak 1], finalaurrekoa lehiatuko dute Antiguoko taldearen kontra; finala, ostera, etzi [apirilak 2] jokatuko da. Goi mailako taldeak sailkatu dira aurtengo Euskal Kopako lauko finalerako; Gernika FS eta Antiguoko Hirugarren Mailako taldeez gain, kategoria horretako Lagun Onak taldeak eta Bigarren B Mailako Otxartabek lehiatuko dute txapelketa.
Gernika FSko lantaldea “oso motibatuta” ageri da urteko partidurik esanguratsuenetako baten atarian. Aurkaria, gainera, sobera ezaguna da beraientzat. Izan ere, Antiguoko ligako sailkapeneko lidertzan dagoen taldea da; gernika-lumotarrak, aldiz, hirugarren postuan kokaturik daude. Taldetik azaldu dutenez, donostiarrak hautagai dira, baina “edozer da posible”: “Duela zenbait urtetatik, talde horren kontra ligan ez dugu ez, irabazi, ez galdu; berdindu egin dugu. Beraz, jakin badakigu lanak edukiko dituztela, geure aurrean nagusi agertzeko”.
Jokoari dagokionez, Gernika FSkoek argitu dute Antiguokoren estiloa “teknikoa baina fisikoa” dela. “Aitortu behar da teknikoki ligako talderik trebeenetako bat dela. Nolanahi ere, beraien indargunea fisikotasunean oinarritzen dela uste dugu; izan ere, asko korritzen duten, izugarri irauten duten eta egundoko presioa egin dezaketen jokalariak dituzte beren lantaldean”, adierazi dute. Horren aurrean, “defentsa lerro zurruna” atondu beharko du Gernika-Lumoko taldeak, eta erasoaldietan “ahalik eta eraginkorren” mugitu.
Autobus bat antolatu dute jarraitzaileek Euskal Kopan taldeari berotasuna eman diezaioten, eta dagoeneko toki denak beteta daude
Ikusleen babesa. Zierbenaren aurkakoan 8-7ko markagailuagaz irabazita igaro zen Gernika FS Euskal Kopako lauko finalera. Orduan, Santanapeko harmailak ikuslez gainezka agertu ziren, eta asteburuan ere “pareko giroa” topatzea aurreikusten dute taldetik. Hain zuzen ere, autobus bat antolatu dute, eta dagoeneko leku guztiak beteta daude. Horrez gain, jokalariek aurreratu dute ikusleak beraien autoetan joateko ere antolatzen ari direla. “Berotasuna, behintzat, ez zaigu faltako”, adierazi dute.