Ligari eusteko azken aukera
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Pasek Belenos RC taldearen kontra jokatuko du domekan [apirilak 2], 12:00etan, Urbietan.
Joan den asteburuan Complutense Cisneros talde madrildarraren kontra 55-24ko markagailuagaz porrot mingotsa jaso ondoren, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak hil ala biziko partidua jokatuko du datorren domekan [apirilak 2], 12:00etatik aurrera, Urbietan. Pasek Belenos RC talde asturiarra hartuko dute etxeko zelaian, Ohorezko Mailako 17. jardunaldian. Ligako biziraupenari begira, berebiziko norgehiagoka izango da. Izan ere, gaur-gaurkoz, basurdeek 7 puntu baino ezin izan dituzte poltsikoratu; taulako azken-aurreko postuan sailkaturik daude, eta aurretik daukaten CP Les Abelles talde valentziarra 11 puntutara dago.
Domekako partiduari begira, Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidaganek adierazi du “borroka gogorra” aurreikusten dutela taldekoek: “Momentuz, hurrengo denboraldian ligan jarraitzeko dauzkagun aukerak gutxienak dira, baina, aukera bakar bat dagoen artean, borrokatzen jarraituko dugu”. Aurrez aurre edukiko duten aurkariari dagokionez, “uste baino talden sendoagoa dela” aurreratu du gernika-lumotarrak. “Belenos aurten igo da lehen mailara, baina horrek ez du inondik inora esan gura talde ahula dutenik; hainbat jokalari argentinar fitxatu dituzte, eta lantalde benetan lehiakorra osatu dute”.
Jose Orgambide eta Jokin Eskolar ez dira jokatzeko moduan egongo; bai, ostera, Xabier Albizua
Bestalde, jokalari gehienak zelairatzeko moduan egongo dira domekan, min hartuta dauden Jose Orgambide eta Jokin Eskolar gernika-lumotarra izan ezik; azken horrek, gainera, denboraldiari geratzen zaizkion hitzordu denak galduko ditu. Nolanahi ere, Maidaganek beste gernika-lumotar bat, Xabier Albizua, berreskuratuko du. Egin beharreko jokoaren inguruan galdetuta, ondorengoa azaldu du entrenatzaileak: “Aurrealdean oldarkor agertu beharko gara, eta atzealdean, berriz, azkar. Partidua, izan ere, zelaiaren atzealdean irabaz edo gal daiteke”.