Astrako aparkalekuan hiru pisuko aparkalekua eraikitzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk
Ibilgailuak zentroko kaleetatik atera gura dituzte, baina alternatiba "eroso eta praktikoa" eskainiz, eta uste dute hori hiru solairuko aparkaleku desmuntagarri batekin lor dezaketela.
Herritarren beharrizanetara egokitutako “herria” gura du Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta udal hauteskundeetara begira, Astra ondoko aparkalekuan hiru solairuko aparkalekua egiteko konpromisoa hartu du. “Gernika-Lumoko erdigunean aparkatzea ezinezkoa izaten da askotan. Egoera horrek kotxea espaloietan edo bigarren ilaran uztea ekarri izan ohi du maiz, beste herritarrentzat mugikortasun arazoak sortuz”, adierazi dute, eta, horren ondorioz, aparkalekuen azterketa gauzatu dutela esan dute. Ibilgailuak zentroko kaleetatik atera gura dituzte, baina alternatiba “eroso eta praktikoa” eskainiz, eta uste dute hori hiru solairuko aparkaleku desmuntagarri batekin lor dezaketela.
Koalizio abertzalekoek gogoratu dutenez, Astra ondoko eremuan, Jaurlaritzak Lehen Hezkuntzako zentro bat eraikiko zuela hitzeman zuen, baina hori egin ez duenez, eremu hori aparkaleku modura erabilgarriago bihurtzea proposatu dute. “Erdigunetik hurbil dago, eta pasabide irisgarria dagoenez, okupazio altuko aparkalekua da. Jada ematen zaion erabilera hori hobetzeko eta eremu hau ahalik eta ondoen aprobetxatzeko, bere edukiera handitzea proposatzen dugu”.
Zehaztu dute informazio ezberdina jaso dutela, tankera horretako aparkalekuak egiten dituzten enpresekin, eta proiektua “egingarria dela” ziurtatu dute. “Aparkaleku berriagaz, gaur egungo 150 kotxeetatik 400 baino gehiagora pasatuko litzateke, eta aparkaleku desmuntagarria izango denez, etorkizunean eremu horretan ikastetxea eraikitzeko egitasmoa gauzatzen bada, aparkalekua eraitsi eta Santa Anara eramatea aurreikusi dugu bertan instalatu eta egindako inbertsioa ez galtzeko”.