9.289,89 euro bildu dituzte Pablo Gonzalezen defentsarako
Martxoaren 12ko elkartasun egunaz gain, antolatzaileek jakinarazi dute Gonzalezen aldeko bonoak Gernika-Lumoko Arrano tabernan eta Elantxobeko Mentrame tabernan eskuratu daitezkeela, baita poltsak ere. Nabarnizen, berriz, domeketan frontoian lor daitezke.
Martxoaren 12an Pablo Gonzalezen defentsarako dirua batzeko elkartasun ekimenak egin zituzten Nabarnizen, #freepablogonzalez elkarteari laguntzeko asmoz, eta, guztira, 9.289,89 euro bildu zituztela jakinarazi dute antolatzaileek. “Eskertu gura dugu egun horretan parte hartu eta diru laguntza eman duten guztiei, eurek barik ezin izango zelako diru kopuru guzti hori lortu”, adierazi dute.
Gonzalezen defentsarako gastuei aurre egiteko sostengu ekonomikoa lortzeko asmoz antolatu zuten eguna, eta kazetariaren auzia gizarteratzeko eta hari elkartasuna adierazteko ere bai. Hala, ehunka izan ziren deialdiagaz bat egin zuten herritarrak zein inguruko herrietako bizilagunak.
Jasotako babesagaz “oso eskertuta” agertu zen Oihana Goiriena: “Eskerrik asko Pablok defentsa ona eta epaiketa justua merezi duela pentsatzen duzuen guztiori”. Susmoak susmo eta akusazioak akusazio kazetariak “defentsa on bat izateko eskubidea” duela eta “epaiketa justu bat” merezi duela sentitu zuen haren familiak.
Martxoaren 12ko elkartasun egunaz gain, antolatzaileek jakinarazi dute Gonzalezen aldeko bonoak Gernika-Lumoko Arrano tabernan eta Elantxobeko Mentrame tabernan eskuratu daitezkeela, baita poltsak ere. Nabarnizen, zehaztu dutenez, domeka goizetan 11:00etatik 13:00etara arte eskuratu ahalko dira poltsak herriko frontoian.
Arrolapekoek ere ekarpena egin gura dute, eta Gernika-Lumoko Mendi Jaiako izen emateko bakoitzeko euro bat kazetariaren defentsara bideratuko dutela jakinarazi dute.