Denak Jonas Vingegaarden kontra: Itzulia Basque Country ate joka dago
Apirilaren 3tik 8ra bitartean lehiatuko dute Euskal Herriko Itzulia, eta apirilaren 7an Busturialdetik igaroko da. Irteera lerroan egongo da Pello Bilbao gernika-lumotarra, hautagai nagusietako bat.
Beste urte batez nazioarteko txirrindularirik onenak elkartuko ditu Itzulia Basque Country lasterketak. Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko errepideak zeharkatuko ditu aurten World Tour mailako tropelak, sei etapatan banatuta. Gasteizek hartuko du lehen irteera, eta Eibarren edukiko dute azken helmuga. 23 taldek lehiatuko dute proba, horietako 5 gonbidatuak dira: Total Energies, Caja Rural-RGA, Burgos-BH, Euskaltel Euskadi eta Kern Pharma.
Txirrindulari euskaldunen ordezkaritza handia izango da: Jonathan Castroviejo, Victor de la Parte, Ion eta Gorka Izagirre, Alex Aranburu, Mikel Landa, Pello Bilbao, Jon Aberasturi, Ander Okamika, Jon Agirre, Iñigo Elosegi, Ibon Ruiz, Mikel Bizkarra, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin.
Lea-Artibai eta Busturialdeko ordezkaritza, beraz, irteeran egongo da: Bahrain Victoriouseko Bilbao gernika-lumotarrak, Burgos BHko Okamika lekeitiarrak eta Euskaltel Euskadiko Juaristi markina-xemeindarrak parte hartuko dute. Hirurak “ilusioz gainezka” ageri dira lasterketaren ataritan, bakoitzaren testuingurua eta Itzulia planteatzeko ikuskera bestelakoak diren arren.
Txomin Juaristi: “Kataluniako Volta lehiatu berri dut, eta Itzulia lehiatzeko egoera onean laga nau”
Estreinakoz ariko da Juaristi etxeko proban. Taldeak Martin orozkotarra eta Carlos Canal galiziarra edukiko ditu etapa bizkorren ehizarako, eta Bizkarra mañariarra bukaerarik gogorrenetarako. Markina-Xemeingoak hanketan “abiadura politagaz” hartuko du Gasteizko irteera: “Kataluniako Volta lehiatu berri dut, hori ere World Tourrekoa, eta Itzulia lehiatzeko egoera onean laga nau”. Ihesaldietan sartzea eta bigarren mailako sailkapenen lehian aritzea ditu helburu. “Taldeak denboraldi hasieratik kontatu du nigaz etxeko lasterketarako, eta ihesaldietan konfiantza bueltatzea bilatuko dut”, azaldu du.
Pareko jomuga edukiko du Okamikak. Otsail amaieran, Sierra Nevadara [Andaluzia] igo zen, altueran egonaldia egitera, eta zapatuan Lizarrako Miguel Indurain Sari Nagusian edukiko du Itzulia orduko lehen azterketa: “Taldeak apiril inguruan ni lehiakor agertzea du buruan, eta lanak ondo eginda iritsiko naiz irteerara”. Burgos BHk ihesaldietan ondo moldatzen diren eskalatzailez osatutako taldea lerrokatuko du: “Itzuliko mendate labur baina pikoetan trebeak diren taldekideek parte hartuko dute”.
Ander Okamika: “Itzulian egun entrenatzeko baliatzen ditudan inguruetatik igaroko gara”
Etxeko errepideetan zehar. Sei etapetako bi Lea-Artibaitik eta Busturialdetik igaroko dira. Zornotzan hasi eta amaituko den bosgarrenak ilusio berezia egiten dio Okamikari: “Umetatik ezagutzeaz gain, egun entrenatzeko baliatzen ditudan inguruetatik ariko gara: Aulesti, Ereño, Nabarniz, Gernika-Lumo, Errigoiti… etapa horretako bazter guztiak bikain ezagutzen ditut”. Juaristirentzat, ostera, azken etapa, Eibarren hasi eta amaituko dena, da maiteena: “Etxe aurretik igaroko gara, txirrindulari legez hazten ikusi nauten errepideetatik”.
Pello Bilbao: “Sendoenen artean egoteko asmoagaz nago”
Bilbaori dagokionez, hautagai legez abiatuko du Itzulia, denboraldi hasierako probetan onenen pare aritu ostean. Iaz Amurrion lortutako etapa garaipenaren ondoren, “sendoenen artean egoteko asmoagaz” dago. Etapa garaipena errepikatzea eta azken podiuma helburu “gaitz baina egingarritzat” ditu. Horretarako, Landagaz taldeko lidertza banatuko du. Zornotza eta Eibarko etapa bukaerak begiz jota ditu Bahrain Victoriousekoak: “Lehenengoa aproposa izan daiteke talde txikietan abiadura eduki dezakeen ni moduko ziklista batentzat; bigarrena, ostera, Eibarko herrigunean amaituko da, Arrateko santutegian baizik. Hori alde eduki dezakedala uste dut”.
Hiru ziklistek argi dute zeintzuk diren sailkapen orokorrerako erreferentziazko txirrindulari eta taldeak: iazko Frantziako Tourreko garailea, Jonas Vingegaard danimarkarra, eta bere talde Jumbo Visma. Horiez gain, hiruren ahotan pareko izenak ageri dira: Groupama FDJko David Gaudu frantziarra, Ineos Grenadierseko Dani Martinez kolonbiarra [iazko garailea] edo iaz Arrateko etapa eta azken sailkepeneko bigarren postua lortutako Ion Izagirre, Cofidisekoa.
ETAPAZ ETAPA
Gasteiz-Bastida. 165,4 kilometro.
Viana-Leitza. 193,8 kilometro.
Errenteria-Amasa-Villabona. 153,9 kilometro.
Santurtzi-Santurtzi. 175,7 kilometro.
Zornotza-Zornotza. 165,9 kilometro.
Eibar-Eibar. 137,8 kilometro.