Abiatu dute Omako Basoa lekualdatzeko proiektuaren bigarren eta azken fasea
Bigarren fasean, 19 multzo artistiko margotuko dituzte uda amaiera bitartean. Urrian, lana amaitu ondoren, jendearentzat erabat irekitzea dago aurreikusita. Omako Basoa bisita gidatuetan bakarrik bisitatu ahal izango da oraingoz.
Omako Basoa lekualdatzeko proiektuaren bigarren eta azken fasea martxan dago dagoeneko, eta uda amaieran amaitzea aurreikusi dute. “Gutxi falta da basoan barrena sartu eta artea eta paisaia uztartzen dituen leku paregabearen magiaz gozatzeko”, adierazi du gaurko aurkezpenean Lorea Bilbao kultura diputatuak.
Iaz egin zuten lehen fasean, 14 multzo artistiko margotu zituzten, 454 zuhaitz, eta lekualdaketaren bigarren fase honetan 19 multzo artistiko eta 400 zuhaitz margotuko dituztela zehaztu dute, Omako Basoa osatzen duten 33 multzo artistikoekin amaitzeko.
Hain zuzen ere, hurrengo hauek dira bigarren fasean margotuko dituzten obrak: Malavitxi omenaldia; Zirkulua; Konposizio laranja eta morea; Minimal; Uhim zuria; Marra zurien bihurdura; Dimentsio biko diagonala; Bihurgunea, kontrabihurgunea, Zirkulu irekiak; Cordobako meskita; Haritzari omenaldia; Izenpea; Deia; Koloretako biribilak; Erritmo inguratzaileak; Grekoari omenaldia; Puntillismoa; Erronbo horia, eta Maite zaitut.
Omako Basoa berreskuratzeko proiektua Ibarrolaren obraren ikerketa eta berreirakurketa egin eta gero ari da garatzen Fernando Bazeta buru duen diziplina anitzeko taldea. Ondorioz, artistaren jatorrizko asmoa jasotzen duten obrak margotzen ari dira, multzoetako batzuk handituz. “Behinola Agustin Ibarrolak egin ezin izan zuen hori egiten ari gara. Omako basoa osorik egongo da, eta bertan egon izan diren dokumentatutako multzo artistiko guztiak egongo dira”, adierazi dute. Izan ere, desagertuta egon diren Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak margotutako zuhaitzak gehituko dituzte, artistak jatorrizko diseinuan eman zizkien neurri eta ezaugarriekin. “Gainera, galduta zeuden beste hiru multzo ere berreskuratuko dira –Kordobako Meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra–. Multzo horiek 1989. urtean galdu ziren, lur jabeek orduan egin zituzten mozketen ondorioz”, azaldu dute.
Margotze prozesuan pintura ez kaltegarria erabiltzen ari direla zehaztu dute, eta artistak erabili zuen pintura mota bera bilatzeko lana ere egin dutela diote. Hain zuzen ere, prozesua egileak egindako modu berean egiten ari dira; ondorioz, multzo bakoitzerako espazio egokienak identidikatu dituzte lehenengo, espazio eta perspektiba egokiak ikusi eta zirriborroak egin dituzte gero, eta horiek eskuz margotzen ari dira orain. “Prozesu horretan, Bazetak zuzendutako lantaldeak aldundiak 2015ean egindako inbentario bat ere erabili du, baita digitalizazio proiektua ere, multzoak euren neurri eta ezaugarri zehatz guztiekin lekualdatu ahal izateko”, adierazi du diputatuak. Horrez gain, “kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak” zuzendu dituzte eta bakoitza osatzen duten elementuak zehatz definitzea lortu dute.
Urrian zabaldu.
Basoa urrian zabalduko dute, eta “zainduago” egongo dela adierazi dute aldundiko ordezkariek, baita jasangarriagoa izango dela ere. “Landaretzaren tratamendua eta aldian aldiko zainketak egokiagoak izango dira basoaren erritmo biologikorako. Gainera, jatorrizko landaredia errespetatuko da, eta haren biotipoari eragin diezaioketen lanak saihestuko dira. Aldi berean, zuhaitzak banan-banan monitorizatuko dituzte, eta segurtasun sistema bat aktibatuko da sua itzaltzeko edo larrialdiei erantzuteko”.
Bisitarientzako kilometro bat baino gehiagoko esperientzia “atseginagoa” izateko asmoz, bideak pinu eta altzifre azal birrinduekin sortutako substratu ekologiko baten bidez egokitzen ari dira, eta atsedenguneak atonduko dituzte ibilbidean zehar.
Margotze prozesua garatzen ari diren bitartean basoa bisitatu gura dutenek, bisita gidatuetan bakarrik egin dezakete hori. Eta, horretarako, aldez aurretik izena eman beharko dute 94 465 16 57 telefonota deituta. Zehaztu dutenez, egunero, astelehenetik domekara bitartean, Omako Basora joateko bi bisita gidatu antolatuko dituzte zapatutik irailera bitartean; 10:30ean gazteleraz, eta 12:30ean euskaraz. Urrian, jendearentzat erabat zabaltzea aurreikusi dute.