Goitiak eta Le Gallek beren legea ezarri dute Ereñon
Javier Goitia Omaetxebarria gernika-lumotarrak eta Amelie Le Gall getxoztarrak poltsikoratu dute garaipena Ereñoko IX. mendi lasterketan. Martxa laburrak eta luzeak parte hartzaile kopuru txukuna eduki dute.
Zapatuan [martxoak 25] eskualdeko mendi korrikalaririk onenak Ereñon elkartu ziren, aurtengo Urdaibai Kopako bigarren lasterketa tarteko: Ereñoko IX. mendi lasterketa. Lasterketaz gain, mendi martxa laburra eta luzea ere egon ziren, eta biek ala biek partaidetza ona eduki zuten. Ereñoko Gerandape Kirol Klubeko antolatzaileak mendizaleen erantzunagaz eta jarreragaz “pozarren” agertu ziren, behin probak amaiturik. Lasterketako lehian, gizonezkoen artean, Aiaramendi korrikalariak klubeko Javier Goitia Omaetxebarria gernika-lumotarra gailendu zen, Julen Aranguena Arribalzaga kortezubitarraren eta Imanol Goñi natxituarraren aurretik; emakumezkoei dagokienez, Amelie Le Gall getxoztarra Sonia Lopez Bañuelos ermuarrari eta Araitz Irazu Legorburu hernaniarrari nagusitu zitzaien.
Lasterkariak, besteak beste, artadian barrena aritu ziren, eta probaren bigarren erdian beroa nahiz aldapak izan ziren protagonista nagusiak. Izan ere, 24 kilometroko ibilbidearen azken zatian Ereñozar mendi gailurreraino igo behar izan ziren parte hartzaileak. Dena dela, Goitia eta Le Gall hegaz aritu ziren, eremu lehorraren gainean: lehenengoak 1.55.26ko denbora egin zuen; bigarrenak, aldiz, 2.30.59koa.
Emakumezkoen promesa mailan, Arrolape Mendi Klubeko Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarrak Ibarrurin eskuratutako garaipena berretsi zuen Ereñon
Bai gizonezkoen, bai emakumezkoen artean, eskualdeko partaidetza nagusi izan zen. Izan ere, Ibarrurin lehiaturiko Urdaibai Kopako estreinako probako protagonistak Ereñon ere aurrean ibili ziren: Maialen Basterra gernika-lumotarra, laugarrena izan zen emakumezkoetan; Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra ere bai, gizonezkoetan; Aritz Martin arratzuarra, bosgarrena; Paul Ormaetxea muruetarra, seigarrena; Paul Goitisolo gernika-lumotarra, zazpigarrena. Era berean, Ibarrurin egin zuen legez, emakumezkoen promesa mailan, Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarrak irabazi zuen.
Gernika-Lumoko Mendijaian, ohiko probez gain, 8 kilometroko lasterketa laburra ere egongo da
Hurrengoa, Gernika-Lumon. Apirilaren 30ean [domeka] izango da Urdaibai Kopako hurrengo proba. Arrolape Mendi Klubak antolaturik, Gernika-Lumoko Mendijaia egingo dute egun horretan. Internetez aurretiaz izena emateko epea, dagoeneko, zabalik dago, Urdaibai Kopako webgunean. Martxa luzeaz, laburraz, BTT martxaz eta ohiko mendi lasterketaz gain, berritasun gisa, 8 kilometroko lasterketa laburra ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.