Emakume batek jasandako tratu txarrak salatu dituzte Gautegiz Arteagan
'Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista' lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo (martxoak 26) herriko plazan, eta salaketagaz bat egin zuten herritarrez gain, udalbatzako kideak ere bertaratu ziren.
Gautegiz Arteagan bizitzen egon den emakume batek bere bikotekidearengandik jasotako tratu txarrak salatu dituzte udalerrian. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo (martxoak 26), herriko plazan, eta salaketagaz bat egin zuten hainbat herritarrek, tartean udalbatzako kideek.
Adierazitakoaren arabera, ez da izan biktimak gizon horrengandik “eraso bat jasan duen lehen aldia”: “Barikuan jakin ahal izan genuenez, Gautegiz Arteagan bizitzen egon den emakume batek tratu txarrak jasan ditu bikotekidearen partetik. Barikukoaz gain, gehiagotan egin dio eraso gizonezkoak”. Salatu dutenez, emakumezkoa “etxetik ezin aterata” egon da azken bi hilabetetan, “bahituta”.
Hori dela eta, gautegiz arteagarrek eraso sexista guztien aurkako “erabateko gaitzespena” adierazi zuten atzo, eta “elkartasun osoa” helarazi zioten erasoak jasan dituen emakumeari. “Eraso sexistarik ez; ez Artian, ez inon. Gora autodefentsa feminista”.