Eduardo Maidagan: "Ez dugu partiduak eskatzen zuen besteko mailarik eman"
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 55-24 galdu du Complutense Cisnerosen kontra galdu du Ohorezko Mailako 16. jardunaldiko partidua. Domekan [apirilak 2] Pasek Belenos RC taldearen aurka jokatuko dute, 12:00etan hasirik, Urbietan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeari asko murrizten ari zaizkio hurrengo denboraldian Ohorezko Mailan aritzeko aukerak. Atzo [martxoak 26] porrot mingotsa jaso zuten etxetik kanpora, Madrilen, Ohorezko Mailako 16. jardunaldiko partiduan. Complutense Cisneros taldea basurdeak baino gehiago izan zen zelaigunean, eta bere etxean garaipen boteretsua lortu zuen, 55-24ko markagailuagaz.
Hasieran, Gernika RTkoek Barça Rugbi taldearen kontra jokatuko zutela uste zuten, baina azkenean Complutense Cisneros izan dute aurkari. Azken orduko arerio aldaketak planteamendua “errotik” aldatu beharra suposatu dio Gernika-Lumoko taldeari. Aldaketak aldaketa, agertoki berrira moldatzea lortu zuen Urbietako taldeak, eta 0-5 aurreratu zen markagailuan. Taldeko entrenatzaileak, Eduardo Maidaganek, azaldu du estreinako minutuetan “jarrera oso onagaz eta bakoitza dagokion postuan kokatuta” zelairatu zirela, eta hasiera txukun hura antolakuntza onaren emaitza izan zela.
Minutuek aurrera egin ahala, gauzak trakesten hasi zitzaizkien. Cisnerosek lehen entsegua sartu zuen: 7-5. Une hartan, Gernika RTren jokoa “aztoratu” egin zela adierazi du gernika-lumotarrak, eta jokalari bakoitza “bere gerra propioa” egiten hasi zela: “Kokaleku egokia galdu genuen, eta hiru oker oso argi egin genituen; oro har, hasieran genituen aukerek eskuetatik ihes egin ziguten”. Markagailuan atzetik hartu zuten basurdeek aldageletarako bidea: 24-5.
Gernika RT taulako azken-aurrena da egun, 7 puntugaz; sailkapenean aurretik duen taldeak, CP Les Abellesek, 11 puntuko aldea dauka
Atsedenaldiaren ondoren, egoera ez zen aldatu Gernika RTrentzat. Maidaganek zenbait aldaketa egin zituen, baina ez zuten fruiturik eman. “Aldaketa arriskatuak ziren, baina egoera hark arriskatzea eskatzen zuen. Dena dela, ez genuen partiduak eskatzen zigun mailarik eman, eta Cisnerosek gainetik pasatu gintuen“, azaldu du entrenatzaileak. 55-24ko markagailu eskasagaz bueltatu ziren Gernika RTkoak etxera, eta partiduaren balorazio “ezin txarragoagaz”.
Basurdeen egoera, gaur-gaurkoz, oso zaila da. Orain arte 7 puntu poltsikoraturik, azken-aurreko postuan kokatuta daude sailkapen orokorrean, eta taulan aurretik dagoen taldea, CP Les Abelles, 11 puntutara dute. Arlo mentaletik, “kolpe gogorra” izan da porrot hori: “Ligako egoera asko trakestu zaigu, eta mailari eusteko aukerak, gaur-gaurkoz, gutxienak dira. Gernika RT talde txikia da, eta ez du beste askok daukaen sakontasuna lantalde aldetik; hori dela eta, taldelana da geure oinarria, denok batera bultza egitea, eta ez bakoitzak bere aldetik jokatzea”.
Domekako partiduan Jose Orgambideren eta Jokin Eskolarren hutsuneak edukiko dituzte, baina Xabier Albizua berreskuratuko dute
Urbietan, azkenik. Aste Santuko etenaldia orduko, basurdeek Pasek Belenos RC taldearen kontra jokatuko du datorren domekan [apirilak 2], 12:00etatik aurrera, Urbietan. Irabazteak baino ez die balioko, taldea kinka larrian baitago. Porrotak, hain zuzen, ligako biziraupen ametsari agur esateko adieraziko luke. Beraz, Maidaganek argi eta garbi du zer egin beharko duten: “Aurrealdean oldarkor agertu beharko gara, eta atzealdean, berriz, azkar. Partidua, izan ere, zelaiaren atzealdean irabaz edo gal daiteke. Belenos, aurten igo den taldea izanda, goi mailako aurkaria da; nazioarteko jokalaridun lantaldea osatu dute, eta gora begira daude”.
Gernika RTk, bere aldetik, Jose Orgambideren eta Jokin Eskolar gernika-lumotarraren hutsuneak edukiko ditu, biak ala biak min hartuta baitaude; Eskolar, gainera, ez da atzera jokatzeko moduan egongo aurten. Hori bai, Maidaganek beste gernika-lumotar bat berreskuratuko du domekan: Xabier Albizua. “Jokalari guztiak eta denen inplikazioa beharko dugu, partidua eta puntuak etxeak geratzea gura baldin badugu”, argitu du.