Musikari gazteek girotutako aste kultura, astelehenetik barikura bitartean
Astelehenetik barikura bitartean, musikari gazteak izango dira protagonista, eta ikasleen emanaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek Elai Alai areto txikian eta Lizeo Antzokian.
Ikasitakoak erakusteko ordua heltzear dago. Dena dute prest Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleek ikasturteko bigarren Aste Kulturalari hasiera emateko. Astelehenetik barikura bitartean, musikari gazteak izango dira protagonista, eta ikasleen emanaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek Elai Alai areto txikian eta Lizeo Antzokian.
Bakarkako edota talde txikien emanaldiekin hasiko dute Aste Kulturala astelehenean, Elai-Alai aretoan; izan ere, 4 eta 5 urteko umeak, piano jotzaileak eta trikitilariak bakarka igoko dira ohotzara 18:00etan, baita Ganbara taldekoak ere. Eguneko bigarren emanaldian ere, bakarlariak eta talde txikiak izango dira protagonistak. Biolin, piano, tronpa eta trikitixa ikasleak bakarka ariko dira, eta flauta bikoteak, piano eta flauta bikoteak eta Ganbara taldeak ikasitakoak erakutsiko dituzte, 19:30ean hasita.
Eguaztenean, Lizeo Antzokia musikatuko dute SOMEko ikasleek. 18:30ean izango da saioa, eta K1, K2, K3 eta K4 abesbatzek emango diote hasiera. Horiez gain, biolin ikasleak bakarka igoko dira eszenatokira, biolontxelo ikasleak bikoteka, eta trikitixa, gitarra, ganbara eta gitarra eta akordeoi taldeak taldean. Haize ensemblearen kontzertuaz ere gozatuko dute bertaratzen direnek.
Eguenean, 18:30ean, 6 urteko umeen koruen txanda izango da Elai-Alai aretoan. Eurekin batera ariko dira Kimu taldekoak, trikitixak eta piano ikasleak.
Eta Aste Kulturala hasi den moduan amaituko dute, izan ere, piano jotzaileen ikuskizunak izango dira barikukoak; flauta bikoteak ere parte hartuko du bertan. Hain zuzen ere, 18:00etan eta 19:30ean musikatuko dute Elai-Alai areto txikia.
Zehaztu dutenez, emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira, aretoetako edukiera bete arte.