Lekeitio Master Seriesek puntako pilotariak bilduko ditu
Apirilaren 6an eta 8an jokatuko dute, Santi Brouard pilotalekuan. Gizonezkoen lau bikote finalerdietan eta finalean ariko dira. Emakumezkoen desafioa, ostera, finalaren egunean [apirilaren 8a] egingo dute.
Lekeition goi mailako zesta-puntaz gozatzeko aukera paregabea egongo da Aste Santuan. Izan ere, apirilaren 6tik 8ra bitartean, Lekeitio Master Series txapelketa jokatuko dute, Santi Brouard pilotalekuan. Gaur [martxoak 24] aurkeztu dute lehiaketa, partiduak hartuko dituen agertoki berberean. Bertan izan dira, besteak beste, Eraman Jai Alai enpresa antolatzaileko ordezkariak eta parte hartuko duten protagonistetako batzuk: Unai Lekerika eta Xabi Barandika gernika-lumotarrak eta Aritz Erkiaga ispastertarra.
Master formatuko lehiaketa izango da, jardunaldi biz osatuta. Gizonezkoek finalaurrekoak lehiatuko dituzte apirilaren 6an, eta final handia, berriz, 8an jokatuko dute. Egun horretan, gainera, emakumezkoek ere parte hartuko dute, desafioa egongo baita. Sarrerak Internet bidez eros daitezke gaurtik aurrera, eta partidu egunean frontoiko sarrerak ere eskuratu ahalko dira; 10 euroko prezioa edukiko dute. Jardunaldi biak ala biak 19:00etan abiatuko dituzte.
Antolatzaileek “luxuzko bikoteak” egin dituztela adierazi dute gaurko aurkezpen agerraldian: “Egungo bikoterik onenetako lauk jokatuko dute”. Gizonezkoen artean, iaz Lekeition garaipena poltsikoratutako Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarrak Julen Del Rio atzelari gasteiztarragaz bikote egingo du, eta lehen jardunaldian Jokin Arbe markina-xemeindarra eta Lekeition sarritan irabazitako Imanol Lopez zumaiarra edukiko dituzte aurrez aurre. Bigarren finalerdian, berriz, Erkiagak eta Lekerikak osatutako bikoteak Barandikaren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Ezkurdi Women Winter Seriesko final handia jokatutako lau puntistetako hiruk Lekeition jokatuko dute
Plaza bat emakumezkoei. Oraintsu amaituriko Ezkurdi Women Winter Series txapelketako final handian jokatu zuten hiru finalistetako hiru Lekeition ariko dira. Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Maialen Aldazabal berriatuarrak Maite Ortiz de Mendibil arabarraren eta Eneritz Lizardi mutrikuarraren aurka jokatuko dute.
Erkiagak “begi onez” hartu du emakumezkoek ere Lekeitio Master Seriesko egitarauan “merezitako plaza” edukitzea, baina, puntista gazteak izanik, beraiekin “pazientziaz” jokatu behar dela argitu du: “Zaharrenak 18 urte ditu; beraz, denak oso gazteak dira, eta ibilbide handia dute egiteko. Lekeition, Aste Santuan, harmailak jendez beteko zaizkie, eta ez da gehiegizko presiorik ipini behar bere gainean”. Bestalde, Durangon garaile suertatu ostean, Lekeitioko hitzordua “motibazioz gainezka” hartuko duela azaldu du.
Lekerikak, bere aldetik, masterra eskuratzeko “inongo akatsik egin ezin dela” azaldu du. “Finalerdikoak eta finala baino ez dira, hortaz, hasiera-hasieratik partiduaren bila kantxaratu beharra dago, hirugarren setera itxaron barik”, adierazi du gernika-lumotarrak. Winter Series amaitu zenez geroztik, Lekerikak hilabete inguru darama jokatu barik. Nolanahi ere, lehiaketaz josiriko udaberria edukiko du, Lekeition jokatzeaz gain, Donibane Lohizuneko All Star txapelketan ere ariko baita.
Barandikak, Lekeitioko lehiara egokitu daitekeen materialaz galdetuta, “zalantzak dituela” azaldu du: “Gaur 106 eta 90 gramoko pilotak probatu ditugu, baina ez dugu ondorio argi eta garbirik atera; Santi Brouard kantxa bizia eta txiki samarra da eta, horrenbestez, ez du balioko Jai Alai moduko frontoi luze batean erabili ohi dugun materialak, esaterako”. Bikote “oso sendoak eta lehiakorrak” osatu dituztela uste du aurten Gernika-Lumoko eta Durangoko Winter Series txapelketetako finaletara iritsi den pilotariak: “Lopezi bikain moldatzen zaio eszenatoki hau, eta kontuan eduki beharreko puntista izango da, Arbegaz batera. Dena dela, masterra oso zabalik egongo da; ez dago, inondik inora, hautagai nagusirik”.
EGITARAUA
Apirilaren 6an [eguena], 19:00etan. Gizonezkoen finalerdiak.
Goikoetxea-Del Rio vs Arbe-Lopez
Erkiaga-Lekerika vs Barandika-Zabala
Apirilaren 8an [zapatua], 19:00etan. Gizonezkoen finala eta emakumezkoen desafioa.
Mugartegi-Aldazabal vs Ortiz de Mendibil-Lizardi