Aurkari aldaketa basurdeentzat: Cisneros, Barçaren ordez
Domekan, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Complutense Cisneros taldearen kontra jokatuko du, etxetik kanpo, Ohorezko Mailako 16. jardunaldiko partidua.
CR La Vilaren kontra 10-43 irabazi ondoren, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailako biziraupenaren borrokan bete-betean sartuta jarraitzen du. Oraindik 25 puntu daude jokoan ligan, eta horietako lehendabizikoak domekan [martxoak 26] lehiatu beharko dituzte. Hasieran, Barça Rugbi taldearen kontra Urbietan jokatzea zeukaten aurreikusirik, baina azken orduan aurkariz aldatuko dute basurdeek: Complutense Cisnerosen aurka aritu beharko dira, etxetik kanpo. Izan ere, kataluniarrek bidegabeko alineazioa egitarren salaketa jaso zuten duela zenbait aste, baina aurkeztutako helegiteak aurrera egin du, eta azkenean sailkapeneko goiko postuetan daudeen taldeen multzoan jokatuko du ligako bigarren itzulia.
Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidaganek azaldu du arerio aldaketak “ez diela onurarik egiten”. Izan ere, basurdeak Barça Rugbikoen joko moldeari aurre egiteko prestatzen aritu dira, eta Complutense Cisneros, ostera, “guztiz bestelako taldea da”: “Barça Rugbiko jokalariak handiak eta pisutsuak dira; Complutense Cisnerosekoak, aldiz, arinagoak eta azkarragoak. Hortaz, oso gogor jokatuko dute zelaiaren kanpoaldeko partetik, abiadura handiagaz”. Neurri horretako taldearen kontra, gernika-lumotarrak argi du beraien indarguneak zeintzuk izan beharko diren: “Batetik, aurrealdean oldarkor eta seguru jokatzea; bestetik, ahalik eta defentsa lerro zurrunena antolatzea”.
Eduardo Maidagan: “Geure jokoa eta jarrera mantentzea izango da garrantzitsuena”
Lantaldea, “sasoiko”. Aurkaria aurkari, Maidaganek nabarmendu du “beraien jokoa eta jarrera mantentzea” izango dela garrantzitsuena. Lantaldea “sasoiko” dagoela azaldu du, gorabeheraren bategaz. Hain zuzen ere, Itai Maruri eta Xabier Albizua gernika-lumotarrak ezin izango dira Madrilera joan, min harturik baitaude. Aste Santuko etenaldia orduko, Pasek Belenos RC taldea hartuko dute Urbietan basurdeek, datorren asteburuan. Aste bi jokatu barik egongo dira ostean, etxean beste partidu bi jarraian jokatu orduko. Lehenengoa Pozuelo Rugby Union taldearen kontrakoa izango da [apirilak 15/16]; bigarrena, aldiz, CP Les Abelles taldearen aurkakoa [apirilak 22/23]. Ligako azkenengo zita euskal derbia izango da, apirileko azken asteburuan jokatuko dutena. Etxetik kanpo indarrak neurtu beharko dituzte Ampo Ordizia RE gipuzkoarren aurka.