Skooterrek beteko dute Urdaibai, zapatuan
Skooterrek hartuko dituzte errepideak. Ohi legez, Urdaibaiko errepide nagusiak saihestuko ditu Skooteradak, eta auzo bideetatik ibiliko dira eskualdean barrena. 09:30ean batuko dira Aranen, eta 40 edo 60 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eguraldiaren arabera.
Seigarren urtez, Skooteradan bilduko dira zapatuan motozaleak Urdaibain. 2020an, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldia, eta prestatutakoa berreskuratzea erabaki du Iñaki Olano antolatzaileak.
Ohi legez, eta Urdaibaiko errepide nagusiak saihestuta, auzo bideetatik ibiliko dira eskualdean barrena: “Urdaibaiko ingurua oso erakargarria da, eta beste urte batez, ohiko bideetatik aldendu, eta errepide nagusiak saihestuko ditugu. Urdaibaiko ohiko errepideak ia denek ezagutzen dituzte, baina auzobide eta errepide txikiak ez; hala, horietan ibiliko gara”. Hain zuzen ere, Urdaibai “sakonean” ibilko dira.
2019an egin zuten azkenengoz Skooterada, eta orduko hartan 95 parte hartzaile egon ziren. Aurten, aldiz, 60 eta 80 artean bertaratzea espero dute.
Aurten, gainera, gonbidatu bereziak egongo dira irteeran: Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria, Marokoko 4L Trophyko parte hartzaileak. “Beti gustatu izan zait herriko pertsona ezagunak irteera honetara gonbidatzea, eta aurten Andoni eta Ibon gonbidatu ditugu. Izan ere, skooterra gustuko duen eta kotxe klasikoen munduan murgilduta dagoen jende asko bertaratuko da zapatuan, eta gazteak eurekin harremanetan jartzea pentsatu genuen. Hartu emanak sortzeko aukera ona izango da eurentzat”, adierazi du Olanok.
Zaletasuna eta kultura interesa uztartuko dituzte aurtengo jardunaldian ere. Hala, Berroja auzora joango dira lehenengo, Okatik, “inguru hori sakona eta polita delako”. Han Berroja bodegakoak Arandiara eramango dituzte, eta Agirrebeko uategira bisita egingo dute. Talde argazkia atera eta gero, Ajuriarantz joango dira motozaleak, Urrutxu igaro ondoren Mendata pasatu eta Zarrabentara jaisteko. “Zarrabentan ere mokadua hartzeko geldialdia egingo dugu”, adierazi du Olanok.
Atsedenerako tartea hartu eta gero, Arratzura eta Oleskora joango dira, Nabarnizera igotzeko eta Oma zeharkatzeko. “Oma ingurua asko gustatzen zaie motozaleei. Handik pasatzen diren guztiei gustatzen zaie”, dio antolatzaileak.
Gero, denbora txarra egingo balu, Gernikaranzko bidea hartuko lukete, baina, ona eginez gero, Laidaranzko bidea hartuko dutela adierazi dute: Gametxora igo, Akorda zeharkatu eta Ibarrangelura heltzeko. Handik Muruetagane zaharretik jaitsi eta Gernika-Lumora ailegatuko dira eguerdirako. Hala, 40 kilometroko ibilbidea osatuko dute eguraldi txarra eginez gero, eta 60 kilometrokoa eguraldi onarekin.
Pasealekuko babeslekura bisita. Udalerrira iristen direnean, Carlos Gangoiti, Artekale, Juan Kaltzada eta Saraspe zeharkatuko dituzte, eta Batzarretxe ingurua joango dira, Pasealekuko begiratokian argazkia ateratzeko.
Hori eginda, Pasealekuko babeslekua bisitatuko dute Gernikazarrakoen eskutik. “Urtero egiten dugu zerbait berezia, eta aurten babeslekua bisitatzea tokatzen da. Jai Alai bisitatu dugu, eta Astrara eta Batzarretxera ere joan gara. Kultur arloko zerbait egiten dugu beti, datozenek Gernikaren irudia ezagutzeko”, azaldu du Olanok. Gero, Plazakoara joango dira, musika eta jatekoa izango dutelako han.
Egitaraua.
09:30-10:00. Parte hartzaileen harrera Aranen.
10:00. Irteera Araneko gasolindegitik, Gernika-Lumorako sarreran, BI-635 errepidean.
Lehen geltokia: Muxikako Berroka auzoan dagoen Agirrebeko upategian.
Bigarren geldialdia: Mendatako Zarrabenta tabernan.
Azken geltokia: Gernika-Lumoko Pasealekuan.
Ondoren. San Juan Ibarran jatekoa eta musika.