Mestikabason kirol eta aisialdi gunea egitea proposatu du EH Bilduk
Udal hauteskundeetara begira, irabaziz gero, Mestikabasoko aparkalekuan kirol eta aisialdi gunea egitea proposatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk.
Herritarren beharrizanetara egokitutako “herri bizia” nahi du Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta udal hauteskundeetara begira, irabaziz gero, Mestikabasoko aparkalekuan kirol eta aisialdi gunea egitea proposatu du. Izan ere, herritarren ekarpenak jaso ostean, atseden hartzeko lekuaren, jolastekoaren eta kirola egitekoaren beharrizana dagoela uste dute, eta espazio publikoen erabilera birpentsatzea erabaki dute.
“Pasealeku moduko eremu zabalen premia handia dago, batez ere Lurgorri eta San Kristobak aldean, azken hamarkadan gehien hazi den auzoan”, adierazi dute, eta, “apenas” erabiltzen den Mestikabasoko aparkalekua auzotarrentzat berreskuratzeko proposamena egin dute. Izan ere, hurrengo agintaldian, aisialdi gune bat egin gura lukete bertan, “adin ezberdinetakoentzako aisialdi osasuntsua bermatuko duena”.
Hala, aparkalekua gaur egun kantxa dagoen lekura aldatzeko eta egungo aparkalekuan “ekipamendu ezberdinak” jartzeko proposamena kaleratu dute: saskibaloi eta futbitorako kantxak, Kalistenia zirkuitua eta intentsitate baxuko ariketak egiteko ekipamendu bio-osasungarria. Bestalde, eguraldi txarra dagoenerako gune estali bat egitea proposatu dute, umeentzako jolasteko lekuagaz. Komun publikoak, iturriak eta bizikletak aparkatzeko tokia ere jarri gura dituztela adierazi dute: “Aisialdi osasuntsua bultzatzeko proposamena da, herrian egongo dena eta herritar guztientzat izango dena”.