76 korrikalarik aurretiaz izena eman dute Urdaibai Kopako bigarren lasterketan
Zapatuan Ereñoko IX. Mendi Martxa eta Lasterketa egingo dituzte. 20 eta 9 kilometroko mendi martxak eta 20 kilometroko mendi lasterketa egingo dituzte.
Zapatuan, Ereñoko herrigunea mendizaleen epizentro bihurtuko da. Ereñoko Udalak eta Ereñoko Gerandape Kirol Taldeak antolaturik, Ereñoko IX. Mendi Martxa eta Lasterketa egingo dute. Azken hori 2023ko Urdaibai Koparako puntuagarria izango da, Ibarruriko lehen geltokiaren ondoren. Joan den astean amaitu zen Internet bidez aurretiaz izena emateko epea, eta mendi korrikalariek erantzun ederra eman diote lasterkariei: 76 lagunek izena eman dute gaur-gaurkoz. Gainera, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da.
Lasterketaz gain, mendiaz eta inguruko parajeez modu lasaiagoan gozatu gura dutenek ere tokia edukiko dute. Izan ere, mendi martxa laburra eta luzea egingo dituzte. Lehendabizikoak, mendi lasterketak bezalaxe, 20 kilometroko luzera edukiko du; ibilbide laburra, ostera 9 kilometrokoa izango da. Mendi lasterketarako legez, martxa bietarako izena eman ahalko da zapatuan, 15 euroren truke. Ibilbide luzeko martxalariak izango dira irteera hartzen lehenengoak: 08:30ean ekingo diote bideari. Lasterkarien lehia 09:30ean hasiko da. Azkenik, martxa laburreko parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira.
Ibarrurin garaipena eskuratutako Araitz Irazu eta Julen Aranguena irteera lerroan egongo dira
Partaidetza paregabea. Ibarrurin lehiatutako lehen lasterketan modura, Ereñon ere eskualdeko mendi korrikalaririk puntakoenak ariko dira zein baino zein gehiago, garaipena nork lortuko. Ibarrurin garaile suertaturiko Araitz Irazu hernaniarra eta Julen Aranguena kortezubitarra, biak ala biak Arrolape Mendi Klubekoak, irteera lerroan egongo dira. Beraiekin batera, maila handiko parte hartzaileak izango dira. Emakumezkoen artean, besteak beste, ondorengoak: Maialen Basterra eta Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarrak, Amelie Le Gall getxoztarra. Gizonezkoei dagokienez, lehia gogorra egotea espero da. Aranguenaz gain honakoak dira hautagaietako batzuk: Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra, Kepa Bastegieta eta Paul Goitisolo gernika-lumotarrak, Paul Ormaetxea muruetarra edota Aritz Martin arratzuarra.
Antolakuntzatik aurreratu dute, bestalde, Zubiondo harrobiaren alboan aparkaleku eremua atonduko dutela, irteera eta helmuga hartuko dituen herrigunera oinez eta pilaketak saihestuz igo ahal izateko; aparkaleku hori 300 metrotara kokaturik dago.