Udal aurrekontuaren %49,09 inbertsioetara bideratuko du Nabarnizko Udalak
1.034.835 euroko aurrekontua onartu du Nabarnizko Udalak. Udal ordezkariek zehaztu dutenez, inbertsioetarako diru sail horrekin hainbat proiektu bultzatuko dituzte, eta garrantzitsuena izango da Lekerika eta Elexalde batuko dituen bidegorria.
Nabarnizko Udalak 1.034.835,93 euroko udal aurrekontua onartu du, eta diru sail horretatik 508.039,92 euro bideratuko ditu inbertsioetara, hau da, aurrekontuaren %49,09; iazko aurrekontua baino handiagoa da aurtengoa, iazkoa 763.945,10 eurokoa izan zelako.
Zehaztu dutenez, udal aurrekontuaren %24 giza baliabideetara bideratuko dute, hau da, langileriaren gastuak ordaintzera, eta beste %22,5 zerbitzuetara. Diru sarrerak, berriz, “gehienak” udal kutxatik jasotzen dituztela azaldu dute, baita zergetatik ere.
Inbertsioetako diru sail horrekin hainbat proiektu bultzatuko dituzte aurten, eta garrantzitsuena izango da Lekerika eta Elexalde batuko dituen bidegorria; izan ere, 238.168,84 eurotan esleitu du obra udalak. Horretarako, Elexalde, Merika eta Lekerika lotzen dituen egungo bide asfaltatua egokitzea aurreikusi dute. “Bide berak oinezkoentzako errei propioa izango du, eta beste errei bat izango da ibilgailu eta bizikletentzako”, azaldu dute. Horretarako, bide zorua egokitu eta asfaltatuko dute, beste errodadura geruza bat jarrita.
Bidegorriagaz, Elexalde eta Lekerika batzen dituen konexio azpiegitura bat sortzea da udalaren helburua, ibilgailuen joan-etorria murrizteko eta jasangarritasuna bultzatzeko. Izan ere, Nabarnizko hirigune nagusia da Elexalde, eta auzo horien arteko joan-etorriak jasangarriak izateko beharrari erantzuten dio proiektuak. “Auzo horietako herritarrak ibilgailuen menpe ez egotea bultzatu gura dugu, eta segurtasunez paseatzeko aukera eskaini gura diegu”, azaldu dute.
Gaineratu dutenez, oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura horrek udalerriko kultur ondarea ezagutzeko aukera eskainiko du. Izan ere, geldialdiak egiteko espazioak egokituko dituzte, eta ingurumen eta kultura intereseko guneetan horiei buruzko informazioa eskaintzen duten panelak jarriko dituzte. Hala, turismo osasungarria, kulturala eta ingurumenekoa sustatzea bilatu dute: “Bidegorria izateaz gain, ondareari balioa emateko ibilbidea ere izango da. Pertsona gehienentzat irisgarria eta ibilbide labur batean kultur eta natura baliabide interesgarriak bilduko dituena”.
Lanak bi fasetan egingo dituzte, lehenengoan asfaltatze lanak egingo dira, eta bigarrenean ingurunea berreskuratzeak. Hori dela eta, bidea berriro asfaltatuko dute, parte bat gorri koloreko asfaltoz eta bestea beltzez. Hori eginda, seinale horizontalak margotuko dituzte, eta edukiontzientako lekua egokituko dute Lekerikan.
Hilabete honetan hasiko dira lanekin, eta horiek hilabeteko epean egitea aurreikusi dute udal ordezkariek.
Loitiaga ingurunea leheneratzeko eta birlandatzeko proiektua ere badauka
Herri bideak hobetzen. Herri bideak hobetzeko lanak ere inbertsioen parte dira, izan ere, 100.000 euro inguru bideratuko dituzte lan horietara. Iaz hasi ziren lehenengo faseko lanekin, eta hainbat auzotako bideak hobetu ostean, aurten, Intxaurraga, Zabaleta eta Uribarri auzoetako baserri inguruak asfaltatuko dituzte. Gainera, Uribarri Aboro bidearen konponketa ere egingo dutela adierazi dute udal ordezkariek.
Loitiaga ingurunea leheneratzeko eta birlandatzeko proiektua ere badauka Nabarnizko Udalak. Iaz egin zuten Loitiagako egur parkea, eta, orain, ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko lanak egiten ari dira. Izan ere, “egoera txarrean” zegoen eremua leheneratzea eta bertako biodibertsitatea sustatzea bilatuko dute, birsorkuntza naturalaren bidez; hau da, flora inbaditzailearen tratamenduaren eta landaretzarik gabeko eremuetan landaketak eginda. “Inguru horretan zabortegi zaharra zegoen, hainbat udalerritako hondakinak biltzen zituena, eta ingurua ez dago egoera onean. Eremu batzuetan landaretza falta da, eta beste batzuetan, baso mistoaren ezaugarri diren zurezko espezieekin nahasten den flora inbaditzailea dago”.
Frontoian instalazio fotovoltaikoa jarri dute
Ondorioz, proiektuaren helburu nagusiak dira inguruko natura ondarea babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, baita naturgune babestuak zaintzen laguntzea ere. Helburuak betetzeko, espezie autoktonoen baso misto baten garapena bultzatzen ari dira. “Baso horrek lagunduko du inguru horretako lurzorua egokitzen eta ura atxikitzen; aldi berean, eremuan biodibertsitatea areagotzea eta tokiaren ikusizko pertzepzioa bultzatuko du”.
Mediku kontsultategia ere margotuko dute aurten, eta herriko taberna atontzea ere aurreikusi dute, “hobekuntza batzuen beharrizana duelako, lehiaketara atera aurretik”.
Halaber, jakinarazi dute udalerriko pilotalekuko teilatuan dagoeneko jarri dutela instalazio fotovoltaikoa. “Instalazioa jarrita dago, martxan jartzea baino ez da geratzen. Konexioa egitea baino ez da falta”, adierazi dute, eta laster martxan jartzea espero dutela esan dute udal ordezkariek. Elexalden, LED argiteria jartzea ere aurreikusi dute.
Bestalde, III. Berdintasun Plana egitera ere bideratuko dute aurrekontuaren zati bat. “Diru laguntza eskatu dugu proiektua garatzeko, eta hori garatuz joango gara”.
Udaleko ibilgailu berria atontzea ere falta dute, elurra kentzeko pala berria jarri behar diotelako.