Bermeoko artistei buruzko Pazko tailerra antolatu dute Arrantzaleen Museoan
5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerra da, eta apirilaren 11n, 12an, 13an eta 14an izango da. Zabalik dago izena emateko epea.
Benito Barrueta, Nestor Basterretxea, Enrike Zubia… hainbat dira Bermeok eman dituen artistak. Arrantzaleen Museoak antolatu duen Pazko tailerraren bitartez, etxeko txikienek artista horien lanak eta askoz gehiago ezagutu ahalko dituzte.
Tailerra 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutakoa dela azaldu dute antolatzaileek eta apirilaren 11 eta 14a bitartean eskainiko da museoan bertan, 11:00etan hasita. Jakitera eman dutenez, izena ematen duten umeek Alde Zaharrean dauden eskulturak bisitatuko dituzte, buztinez egindako eskultura propioa sortuko dute, eta, gainera, jolas tematikoak egingo dituzte. Egun bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da.
Izena emateko epea zabalik dago, eta hurrengo loturan sartuta egin daiteke: https://forms.gle/Xiordyc16x9EHocR8
Bermeoko artista batekin lotutako aldi baterako erakusketa berria jarriko dute, gainera, Arrantzaleen Museoan bertan. Apirilaren 1etik aurrera, Barrueta paper gainean erakusketa bisitatu ahal izango da.
Ordutegi aldaketa. Arrantzaleen Museotik azaldu dute apirilaren 1etik aurrera ordutegia aldatuko dutela. Hala, martitzenetik zapatura bitartean, 10:00etatik 19:00etara zabalik egongo da eta domeka eta jai egunetan 10:30etik 14:30era. Astelehenetan, berriz, zarratuta egongo da.