Aingerubideko gimnasio txikiaren inaugurazio ekitaldia egingo dute etzi
Gimnasioak ordutegi "zabala" edukiko du, 06:00etatik 23:00etara.
Kirol makinak jarrita, prest dago ateak zabaltzeko Busturiko Axpe auzoko Aingerubideko Kultur Etxearen goiko solairuan Busturiko Udalak atondu duen gimnasio txikia; etzi (martxoak 24) egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:00etan hasita. Maite Zubieta Athletickeko futbolari busturiarra egotekoa zen inaugurazioan, baina ezin izango du egon partidua jarri diotelako. Bertaratzen direnek bertan jarri dituzten makinak ikusteko aukera edukiko dute, baita mokadutxo bat jateko ere.
Mota askotako kirol makinak jarri dituzte, denetara, aldi berean, hamabi pertsona egon ahalko dira gimnasioan. Maitane Zearreta kirol zinegotziak azaldu duenez, alokairuan jarri dituzte kirol egiteko makinak, eta mantenuaz ere enpresa berdina arduratuko da.
Udalerrian erroldatuta dauden adinez nagusikoek erabili ahalko dute gimnasioa, eta urteko kuota ordaindu beharko dela zehaztu du. Aurten, urtea hasita dagoenez, 40 euroko kuota ordaindu beharko dela adierazi du, eta datorren urtean, berriz, 60 euro.
Gimnasioak ordutegi “zabala” edukiko du, 06:00etatik 23:00etara. Zearretak aipatu duenez, kuota ordaintzen duten erabiltzaileek txartel bidez edo telefono mugikorreko aplikazio bat erabilita zabaldu ahal izango dute gimnasioko atea. Txartela lortu gura dutenek, udaletxera jo beharko dute.
Aingerubideko kultur etxean, gainera, aireztapen egokia jarri dute, “airea ondo mugitu eta tenperatura egokia mantentzeko”. Jakinarazi duenez, aerotermia sistema ezarri dute, eta martxan dago. Izan ere, Aingerubideko beheko solairua ere kirol ikastaro desberdinetarako erabiltzen dute.