Alberdi, aurkari barik. Emakumezkoen artean, Yepa! Triatloi Klubeko Alberdik 2.11.57ko denboragaz lortu zuen garaipena. Une batean ere ez zuen arriskuan eduki helmugako lehendabiziko postua, baina aitortu zuen “izugarri” sufritu zuela, “beharbada kanpotik errazagoa zirudien arren”. Hasierako sektorean hartu zuen Alberdik amaieraraino ihes eginik ailegatzeko balio izan zion tartea. Saltoki Trikideak etxeko Enara Oronoz Mateo eta independente legez lehiaturiko Besaide Astobiza Sanchez eduki zituen lagun, podiumeko alde banatara.
Sufritzen jakiteko gaitasuna: Goitisoloren erakustaldia Oñatin
Joanes Goitisolo Otazua gernika-lumotarrak garaipen sendoa eskuratu du Oñatiko 30. Duatloian. Zirkulazio arazoak gorabehera, nagusi agertu da. Helene Alberdi Sololuze gailendu da emakumezkoen artean, eta Alfonso Lopez Raez, ostera, duatloi egokituan.
Joanes Goitisolo Otazua gernika-lumotarrak garaipen handia lortu zuen joan den zapatuan [martxoak 18], Oñatiko Duatloiaren 30. ekitaldian. Eguzkia izan zen proba hasierako protagonista nagusia; haize ufada gogorrak eta euriteak, hasi bezain pronto; Alusigma Peñota Dental taldeko kideak eta bereziki Goitisolo, helmugan. Hasieratik amaierara, talde horretako partaide gernika-lumotarra eta bere kide Aimar Murua Poza nagusi agertu ziren. Emakumezkoen artean, Helene Alberdi Sololuze hautagaiak aurreikuspenak bete zituen, garaipen boteretsua poltsikoratuz. Duatloi egokituan, ostera, Alfonso Lopez Raez nagusitu zen.
Goitisolo: “Muruak eta biok elkarri laguntzea adostu genuen hasi orduko”
Gizonezkoen artean, egun borobila izan zen Alusimakoentzat: podiumeko lehen hiru postuak konkistatu zituzten Goitisolok, Muruak eta Aitor San Vicente Astobizak. Gernika-Lumokoak 1.54.43ko denbora behar izan zuen duatloia osatzeko; Muruak, 1.55.14koa; 1.59.10ekoa, ostera, San Vicentek. Irabazleak adierazi du Muruak eta berak “elkarri laguntzea” adostu zutela abiatu orduko. Amaieran “bizkorrenak irabaz zezala” erabaki zuten, eta Goitisolok bere legea ezarri zuen.
“Zirkulazio arazoak eduki nituen eskuetan eta hanketan
Nolanahi ere, eguraldiak bereak eta bi egin zituen, eta bizikletatik azken korrikaldirako trantsizioan arazoak sorrarazi zizkion: “Zirkulazio arazoak eduki nituen eskuetan eta hanketan; une batean, nekez kendu ahal izan nuen kaskoa bera ere. Horrek hogeita bost segundo inguru galarazi zizkidan, baina amorruz bete ninduen. Amorru hori baliatu nuen azken zatia bizkor-bizkor egiteko”. Azken sektorean harrapatu zuen Goitisolok lasterketa buruan zihoan Murua. “Kargutu nintzen Muruak harrezkero ez zeukala erritmo aldaketarik egiteko gaitasunik; hortaz, argi eta garbi nuen nik, neure erritmoari eutsiz gero, hark ezin izango ninduela segitu, eta halaxe izan zen”.
SAILKAPENAK
Emakumezkoak
- Helene Alberdi (2.11.57).
- Enara Oronoz (+01.25).
- Besaide Astobiza (+10.24).
Gizonezkoak
- Joanes Goitisolo (1.54.43).
- Aimar Murua (+00.31).
- Aitor San Vicente (+00.51).
Egokitua
- Alfonso Perez (1.55.35).
- Joseba Azkarate (2.23.46).