Xixili, Euskadiko Txapelketan maila handian
Xixili taldeko partaideak ederto aritu dira Azkoitian lehiaturiko Euskadiko Txapelketan. Umeek taldekako garaipena eskuratu dute, eta bakarkakora aurkezturiko lau gimnastak Espainiako Txapelketara sailkatu dira.
Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, Bizkaiko Txapelketan, maila oso handia erakutsita lortu zuten Xixili gimnastika erritmiko taldeko partaideek Euskadiko Txapelketara sailkatzea. Hain zuzen ere, atzo lehiatu zuten txapelketa hori, Azkoitian, eta han ere maila txukuna erakutsi zuten parte hartu zuten gimnastek. Taldekakoan, umeak, kadeteak eta gazte mailakoak aritu ziren zein baino zein gehiago, baina Xixilik lehen eta azken kategorietan baino ez zuen parte hartu, eta ez kadeteenean. Euskadiko zazpi taldek lehiatu zuten, eta lehen bostak pasatu ziren Espainiako Txapelketako lehiara. Xixilik handien eta txikien taldea taularatu zuen, eta txikiek sailkatzea lortu zuten.
Txikien sailkapena “lan gogorraren emaitza” dela aldierazi dute klubetik. Handiei dagokienez, “zorte nahiko txarra” izan zutela argitu dute: “Berez, maila handian ibili ziren, baina minutu biko tartean akatsak oso garesti ordaintzen dira, hankasartze bakar batek lehiatik atera baizaitzake”. Espainiako taldekako Txapelketa apiril amaieran lehiatuko dute, Santanderren (Kantabria); bakarkakoa, aldiz, astebete lehenago izango da, Iruñean.
Bakarkakoan, Hormaetxeak, Arrazuak, Abaroak eta Gorostiagak maila handia erakutsi zuten
Umeak, garaile. Bestalde, ume mailakoek garaipena eskuratu zuten Azkoitian. Talde bi egon ziren kategoria horretako lehian: Donostiako Ipurua eta Xixili. “Eskolarteko mailatik maila federatura pasatu dira aurten, eta emaitza oso polita eta pozgarria lortu dute”, azaldu dute. Bakarkako lehian, izena emandako Xixiliko lau partaideak sailkatu dira Espainiako Txapelketara: Idoia Hormaetxea Saez de Okar, Naia Arrazua Uribe, Nahia Gorostiaga Goitisolo eta Maialen Abaroa Badiola.