Pandemian jaiotako umeek euren haritzak landatu dituzte
600 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten zapatuan Trama baserriaren inguruan egin zuten landaketan.
2020 eta 2022 urteen artean Gernika-Lumon jaiotako 343 ume gernikarrek euren haritz propioa dute; izan ere, 600 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Trama inguruan zapatuan egin zuten landaketan.
Ekimen horren bidez, koronabirusaren pandemian jaio ziren haur gernikarrek –102 jaio ziren 2020an, 108 2021ean eta 133 2022an– familian landatu ahal izan zituzten euren haritzak.
Ekimenagaz, udalak Trama ingurua haritzez birpopulatzea bilatu du, izan ere, inguru horretako bi hektarea pinuz eta eukaliptoz beteta daude. Hori dela eta, toki administrazioak duela urte batzuk eskuratu zituen inguru horretako lurrak, pinu eta eukaliptoak kendu eta tokiko zuhaitz espezieak landatzeko asmoz.
Horregatik, jakinarazi dute, proposamena hurrengo urteetan jaiotzen diren umeei ere zabalduko zaiela, “mila zuhaitzeko kopurua landatu bitartean”.